Hornsea Project Two Ingalaterrako ekialdeko kostaldetik 90 bat kilometrora eraikitzen ari dira, itsasoan. Munduko parke eoliko handiena izango da itsasoko atalean. Siemens Gamesak hornituko du parkea, SG 8.0-167 DD modeloko haize sorgailuekin. 8 MGeko errota bat 8.000 etxeren argindar beharrak hornitzeko gai da, eta Hornsea Project Two parkeak 1.386 MWeko potentzia izango du guztira, 1,3 milioi etxeri urte oso batean argindarra eman ahal izateko adina.
Proiektu ikusgarri horren ardura handienetakoa izango du Siemens Gamesak, aerosorgailu guztiak hark hornituko baitizkio Danimarkako Osterd taldeari, offshore instalazioa kudeatuko duenari alegia. 2022. urtera arte ez dute burutuko Hornsea Project Two parkea. Hura izango da Siemens Gamesak inoiz egin duen proiekturik handiena, Hornsea One offshore parkearena ere gaindituko baitu (1.218 MW). Ingaletarrako urek hartuko duten instalazioak 462 kilometro koadroko azalera izango du.
Itsasoko haize erroten teknologia eta ekoizpena batik bat Alemanian dauka Siemensek, eta proiektu horrek ez dio lan karga handirik ekarriko Euskal Herriari. Izan ere, nazellak (aerosorgailuen oinarrizko piezak) Siemens Gamesa Renewable Energyk Cuxhaven hirian duen lan zentroak hornituko ditu, eta palak, berriz, Hulleko plantan egingo dituzte, Ingalaterran.
Siemens Gamesak bere nagusitasuna berretsi du offshore esparruko eolikoen merkatuan; %70eko merkatu kuota dauka Europan, eta munduan Vestasekin nor baino nor gehiago dabil energia eolikoaren negozioaren lidergoa eskuratzeko. Ingaleterrako parkean jarriko dituzten SG 8.0-167 DD aerosorgailuen errotorrak eta palak 167 eta 81,5 metro luze dira diametroan hurrenez hurren. Herengun eman zuen Wind Europek sektorearen datu zehatzak 2017. urteari dagokionez. Datu onak dira sektoreko konpainientzat, baina ezin dira ahaztu urte amaieran eragile handienek burtsan izan dituzten porrot handiak.
Bihar hasiko da argitzen fabriken geroa
Capital Markets Day egingo du multinazionalak, bihar, Madrilen, eta 2018-2020 epe arteko estrategiaren ildo nagusiak ezagutraziko ditu. Euskal Herrian eta Espainian ehunka enplegu desagerrarazteko helburua dauka Siemens Gamesak, eta milaka mundu osoan, eta aurretiazko erretiroen eta enpresa borondatez uzteko pizgarrien plana zertan den ere argitzea espero dute beharginek.
Miranda Ebroko lantegia (Burgos) itxi nahi duela jakinarazi du berriki multinazionalak, eta Arabako mugatik ehunka metro batzuetara dagoen planta horretako langileen enplegua kinka larrian dago. Bihar bertan, agerraldia egingo dute hainbat lan zentrotako beharginek Zamudion (Bizkaia), Gamesaren egoitzan.