DIRU POLITIKA

1958tik ez dira interes tasak hain apalak izan AEBetan: %1

Erreserba Federalak puntu laurden jaitsi du diruaren prezioa, ekonomiari bultzada emateko asmoz eta, bide batez, deflazio arriskuak erabat uxatu ahal izateko

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
1958ko uztailera atzera egin beharra dago denboran, AEBetan hain interes tasa apalak ikusi ahal izateko. Aurreikuspen guztiek ziotena bete zuen atzo Erreserba Federalak, eta, betiko legez, 20:15ak puntu-puntuan (Euskal Herrian), Estatu Batuetako diruaren prezioa puntu laurden jaistea erabaki zuen: %1eraino.

Erabaki hori izan zen Erreserbako Merkatu Irekiko Batzorde Federalak bi egunez izan duen bileraren begi bistako emaitza. Ez zen, ordea, batzordea osatzen duten hamabi kideen artean erabateko adostasunik izan eta Robert Parry, San Frantziskoko Banku Federaleko presidenteak, banku zentralari jarrera bortitzagoa eskatu zion, puntu erdi jaisteko eskaera egin baitzuen.

Neurriaren ondotik hala finantza merkatuek nola aditu ekonomikoek oso gertutik jarraitzen dute Erreserba Federalak kaleratu ohi duen agiria. «Kontsumoa suspertzen ari da, finantza baldintzak nabarmen hobetu dira, eta lan eta produktuen merkatuak egonkortzeko bidean daude», argudiatu zuen banku zentralak testu horretan. «Dena den, ekonomiak oraindik hazkunde sendoa erakusteke dauka», zioen jarraian.

Eta ekonomia erritmo azkarragoan hazi ahal izateko, interes tasen jaitsierak bultzada emango diolakoan dago Alan Greenspan buru duen erakundea. Azken finean, diruaren prezioa merkatuz gero, maileguen eta etxebizitzakohipoteken tasak ere jaitsi egiten dira. Ondorioz, kontsumoa suspertu egiten da, ekonomiari bultzada bat ematen zaio.

Deflazioaren izua

Deflazioa etortzeko beldurrak azken asteetan Estatu Batuetako egunkarietako lerroburuetan jauzi egin du. Greenspanek orain gutxi «elkarri eragiten dioten indar suntzitzailetzat» jo zuen deflazioa. Prezioen jaitsiera orokorra dakar, eskariaren krisi sakon bat eragiten du eta ekonomia atzeraldi hondo baterantzeramaten du. Inbertsiorik gabe, enplegurik ez da sortzen, ekonomiak behera egiten du... Azkeneko aldiz, 30eko hamarkadako atzeraldi sakonean ezagutu zuten AEBek deflazioa.

Diru politikaren arduradunek mamu hori «urrun» dagoela adierazi zuten, baina aukera bera uxatu nahi izan dute atzoko neurriarekin. Lara Rhame ekonomistaren aburuz, «haiek pentsatzen dute deflazioa gaixotasun sakon baten sintoma dela».

Baina interes tasen jaitsierak osagai psikologiko bat ere izan dezake: «Ez dut uste uneotan ekonomiaren arazoa diru politika edo interes tasen maila denik. Uste dut gai nagusia jendeari konfiantza txertatzea dela», adierazi zion Alexander Cutler Eaton korporazioko nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.