1960az geroztiko jaitsiera handiena izan du herrialde aberatsetako ekonomiak

OCDEko herrialdeen barne produktu gordina %2,1 txikitu da azken hiruhilekoan, eta %4,4 azken urtean

Erredakzioa
2009ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Munduko herrialde industrializatuenetako ekonomiek azken 50 urteotako hiruhileko txarrena izan dute. OCDEk atzo jakinarazitako datuen arabera, herrialde aberatsen barne produktu gordina %2,1 txikitu zen iazko azken urtekoarekin alderatuta. Duela urtebeteko datuekin alderatuz gero emaitza are okerragoa da, OCDEko BPG orduan baino %4,2txikiagoa baitzen martxoaren amaieran. 1960. urtean sortu zenetik, OCDEk ez zituen hain datu negatiboak kaleratu.

Herrialde gehienetan, gainera, 2009ko lehen hiruhilekoa 2008ko azkena baino okerragoa izan da. Herrialde handienen artean, Frantzia izan zen salbuespena: %1,5 jaitsi zen ekonomia urritik abendura, eta %1,2 urtarriletik martxora. Daturik okerrena Japoniak (-%4) eta Alemaniak (-%3,8) izan zuten. Horrek erakusten du zer neurriraino murriztu den kanpo merkataritza. Izan ere, bi herrialdeetako BPGan pisu handia daukate esportazioek, eta azken urte erdian asko jaitsi dira, krisiaren eraginez, enpresek lehentasuna eman dietelako bere biltegiak gutxitzeari. Stock-ak agortu ahala, pentsatzekoa da enpresak berriro ondasunak inportatzeari ekingo diotela.

Uste hori islatzen du atzo kaleratutako Iforen indizeak. Alemaniako enpresaburuen konfidantza neurtzen du Ifo institutuak, eta emaitzak ekonomiaren hurrengo hilabateetako joera aurreratu ohi du. Maiatzekoa ez da guztiz txarra izan, bigarren hilabetez jarraian gora egin baitu: 83,7 puntukoa zen apirilean, eta 84,2koa maiatzean. Emaitza hobea espero zenez, ordea, analistek uste dute argi geratu dela hainbat erakundek krisiaren amaierari buruz egindako iragarpenak oso baikorrak izan direla.

Hala uste du Hans Werner Sinn Ifoko presidenteak ere: «Egoera ekonomikoa egonkortzen ari da, baina maila baxuan». OCDEko idazkari nagusiak, Angel Gurriak, joan den astean iragarri zuenez, hemendik hilabetera ekonomiaren egoerari buruzko txostena kaleratzen dutenean, aspaldiko partez aurreikuspenei eutsi ahal izango diete.

Espainian, ordea, iragarpenek okertzen jarraitzen dute. Funcas aurrezki kutxen fundazioaren arabera, ekonomiak %3,8 egingo du behera aurten, eta %1,2 datorren urtean, eta langabezia %21,1era iritsiko da 2010ean.



BPGren bilakaera

Hiruhilekoan. Urtean

OCDE. -2,1. -4,2

AEB. -1,6. -2,6

Alemania. -3,8. -6,9

Erresuma Batua. -1,9. -4,1

Frantzia. -1,2. -3,2

Italia. -2,4. -5,9

Japonia. -4,0. -9,1
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.