1976ko kongresutik mende erdira, «zapalduen» sindikatua dela aldarrikatu du ELAk

Sindikatuak omenaldia egin die 50 urte afiliatuta daramaten kideei. Haiek amestutako sindikatua errealitate bihurtu dela esan du Mitxel Lakuntzak.

ELAk Eibarren omendu dituen afiliatuak. ELA
ELAk Eibarren omendu dituen afiliatuak. ELA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko uztailaren 3a
14:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak frankismo osteko bere lehen kongresuaren 50. urteurrena ospatu du Eibarren (Gipuzkoa), eta omenaldia egin die orduko afiliatuei. Astelena pilotalekuan egin zuen bilera hura, eta mende erdi geroago ELAk «zutik, indartsuago eta ilusio handiagoz» jarraitzen duela nabarmendu du Mitxel Lakuntza idazkari orokorrak.

«Amestu zenuten sindikatua errealitate bihurtu da», esan die omenduei, eta gogoan hartu du orduan ezarri zirela sindikatua ezaugarritzen duten oinarriak: abertzaletasuna, sozialismoa, funtzionamendu independentea eta afiliazioen bidezko finantzaketa. Uste hori berresteko datu pare bat eman ditu Lakuntzak: 50.000 emakume baino gehiago daude afiliatuta, eta ordezkaritzaren %36 du Hego Euskal Herrian.

Afiliatu beteranoei gorazarre egiteko baliatu du ekitaldia sindikatuak, eta idazkariei aitortu die erabaki gehienetan «asmatu egin» zutela: «asmatu zenuten independentzia politiko eta ekonomiko erradikal baten aldeko apustua egiten; eta asmatu zenuten organizazio indartsu eta kohesionatu baten garrantzia lehenesten».

Zapalduen sindikatua

Iraganari erreparatuta ikasi eta etorkizunera begiratzeko garaia dela esan du, eta ELAk «askotariko zapalkuntzak jasaten dituzten guztien sindikatua» izan behar duela. Horrez gain, gaineratu du Euskal Herri euskaldun eta independente baten alde egin behar duela.

Amaia Muñoak idazkari nagusiaren albokoak ere hartu du hitza, eta azken hamarkadan izandako aldaketak aletu ditu. Hasteko, sindikatu feminista izateko hautua nabarmendu du, eta aitortu du oraindik badutela zeregina bide horretan baina «lidergo ezberdinen» aldeko apustua irmoa dela.

Ipar Euskal Herrirako proiektuaren eta Manu Robles Fundazioaren garrantzia goratu du. Azkenik, eta euskalduntze prozesuari dagokionez, azaldu du organo gehienetan euskara dela komunikazio hizkuntza baina beste pauso bat eman behar dela, «administrazioetan eta enpresetan» euskaraz lan egitea ahalbidetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA