Iragan urteotan egin ez bezala, 2004ko abenduan behera egin zuen langabeziak. 2003ko abenduan baina 2.862 langabe gutxiago zenbatu zituen INEMek Hego Euskal Herrian, 89.485 guztira. Bizkaian nahiz Gipuzkoan jaitsi zen kopurua, 2.139 eta 1.365 langabe gutxiago ziren, hurrenez hurren. Araban eta Nafarroan, ordea, 334 eta 308 gehiago. Hegoaldeko langabezia tasa %7,08an zen.
Emakumeak ziren iragan abenduan lan bila ari zirenen %57,09. Adinari erreparatuz gero, %89k 25 urte baino gehiago zituzten eta, kontratuei dagokienez, %94 aldi baterakoak ziren.2004ko azaroko eta abenduko emaitzak alderatuz gero, lan bila ari zirenen kopurua hazi egin zen: 606 gehiago. Araban nahiz Bizkaian murriztu egin zen langabezia (55 eta 420 lagun, hurrenez hurren), baina Gipuzkoan eta Nafarroan 125 eta 956 langabe gehiago ziren INEMen zerrendan.
11.393 langile gutxiago Gizarte Segurantzan
Hego Euskal Herrian abenduan azaroan baino 11.393 langile gutxiago ziren Gizarte Segurantzan izena emanda, 1.146.849 guztira. Lau herrialdeetan egin zuen behera kopuruak. 2003ko abenduan handiagoa zen, hala ere, zenbatekoa. 22.081 langile gehiago ziren.
Emaitza horiek ez ezik, INEMek langabeen zerrendan sartzen ez dituen langabeak ere aintzat hartzeko ohartu zuen LABek. «Hegoaldean INEMen izena emandako pertsonen %42,3 ez dira zerrenda ofizialetan sartuko». 65.600 pertsona inguru direla ohartu zuen LABek.Talde horretakoak dira, besteak beste, hiru hilabeterako baino gutxiagorako lana eskatu dutenak, 20 orduko baino gutxiagoko lan jardunaldia nahi dutenak, lan ezgaitasun iragankorragatik gaixo agiria dutenak eta lan eskariak baztertu dituztenak.Euskadiko CCOOk salatu duenez, lan merkatuaren betiko arazoak ez dira konpondu oraindik. «Beste behin, emakumeak, gazteak, ezinduak eta etorkinak baztertuenak» direla nabarmendu zuen. Jose Maria Roig Nafarroako Lan zuzendari nagusiak kontratazio iraunkorraren alde lan egingo dutela nabarmendu zuen. Azken hiruhilekoan 8.667 lagunek Nafarroako Enplegu Planean izena eman duten arren, «eskari handiagatik eta enpresen jarduera dinamikoagatik» dela azpimarratu zuen. «Horretaz jabetuta, lan egiteko gai direnek postu bat lortzeko ahalegina egin dute eta arrakasta izaten dute sarritan».
LANGABEZIA TASA
2003an baino 2.862 langabe gutxiago
INEMen arabera, Hegoaldean 89.485 lagun lan bila ari dira eta langabezia tasa %7,08an dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu