Leandro Azkue. Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria

«2019rako alturako ontzien %20 desegin beharko lirateke»

Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzidia handiegia da dituen arrantza kuotetarako, Azkueren ustez. Berdelari dagokionez, prezio merkea egitearen beldur da, erosleek iazko berdel izoztua dutelako oraindik.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
Donostia
2015eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eskatu baino geroago hasi da berdelaren kanpaina. Batetik, Madrilek hala erabaki zuelako, eta, bestetik, denboraleak behartuta. «Madrilek sorpresaz hartu zuen kanpaina hasteko gure eskari azkarra, eta erreakzio nahiko makala izan zuen. Erabaki arraroak, burugabeak eta azalgaitzak hartu ditu», Leandro Azkue Jaurlaritzako Arrantza zuzendariaren ustez (Orio, Gipuzkoa, 1968). Datorren urterako arazoa konpontzeko negoziatzen ari dira Madrilekin.

Berandu hasi da kanpaina, baina zelakoa aurreikusten duzu?

Harrapaketa aldetik ondo hasi da. Gertu dago berdela, eta kopuru aldetik ere ondo. Prezio aldetik, ordea, ahul xamar. 52 zentimoren bueltan. Iaz baino merkeago. Erosleek berdela izoztu eta esportatu egiten dute, eta esaten dute iazko berdela oraindik hozkailuetan daukatela eta saldu ezinik dabiltzala. Ziurrenik, beraz, aurtengo prezioa merkea izango da.

Nora saltzen dute?

Batez ere Egiptora, Europa ekialdera eta Nigeriara. Udan, norvegiarrak arrantzan hasi aurretik hiru bat hilabete izaten dituzte arrain hau saltzeko. Gure erosleak dira berdela erosten lehenak estatu mailan, hemendik hasten delako mendebalderantz espeziea, eta iaz prezio nahiko onean erosi zuten aurtengo ikuspegitik begiratuta, baina beraientzat garestiegi. Esaten dutenez, Galizian asko arrantzatzen dute kuotatik at. Ia erregalatu egiten da berdela gero, eta prezioa asko jaisten da. Eta gure erosleek erosle galiziar eta asturiarrekin batera joan behar dute merkatu berean berdelak saltzera. Hor lehia desoreka bat sortzen da.

Errusiara saltzeko Bruselaren debekuak ere badu eraginik?

Ez da gure merkatu nagusia, baina norvegiarrek eta islandiarrek asko saltzen zioten, eta orain gure merkatuetara joango dira. Gainera, gure berdelak haienak baino koipe eta kalitate gutxiago du.

Berdelaren kanpaina zail dator orduan.

Ez dakit errentagarritasun aldetik nolako kanpaina izango den. Beldur pixka bat badugu.

Antxoaren kanpaina ere hasi da. Merke hasi da hura ere. Arrantzaleak aldi batean ez arrantzatzea pentsatzen ari dira prezioa igoarazteko?

Ez dut uste. Merkatuaren erantzunaren arabera, hori bai, erabaki dezakete eguneko kupoa guztiz bete ala gutxiago harrapatu. Edo berdela topatu beharrean antxoa topatzen badute hura hartzea. Egia da iazko lehen antxoa baino merkeago saldu dela aurtengo lehena, baina arrantzaldi osoa 3,5 eurotan joaten bada, ondo legoke. Iazko antxoaren batez bestekoa 1,5 eurokoa izan zen.

Antxoak berdelak besteko arazoak ditu merkatuan aurten?

Ez, alderantziz. Antxoa urritasuna dago Kroazia eta Maroko aldean. Oso urte txarra izan zen iazko urtea eurentzat, eta, ematen duenez, kontserba enpresak gosez daude hemengo antxoa erosteko.

Antxoaren kanpainak berdelarena salba dezake?

Ikusiko dugu. Antxoarekin kontuan izan behar dena neurria da. Egia da azken urteetako antxoa kopururik handiena daukagula itsasoan, baina urtebeteko antxoa txikia da gehiena.

Jateko ederrak, baina kontserba konpainientzat txikiegiak.

Hori da. Eta horrek prezioan eragin dezake. Ez dugu uste antxoaren prezioaren batez bestekoan sekulako aldaketarik izango denik iazkoarekin alderatuta.

Aurten ere saldu egingo dituzte hegalabur kuotak Espainia hegoaldera?

Legeak baimentzen du bost urteren barruan bi urtez jarraian saltzea. Horrek esan nahi du aurten saltzen bada datorren urtean ezingo dela saldu. Bost urteko epean hiru urte soltetan ere sal dezakete. Hegalaburren kuota %16 igo dute aurten, baina, jasotako sentipenagatik, ziurrenik aurten ere saldu egingo dute. Martxoan erabakiko dute, almadrabak laster hasi behar direlako.

Arrantzaleentzat negozio borobila da salmenta hori.

Ekonomikoki ez sinestekoa da 11 edo 12 eurotan saltzea kiloa, gasturik sortu gabe.

Gaindegiaren arabera, Euskal Herriko ontzidia 2002tik 2012ra %37 txikitu zen, baina arrantza kopurua ez da jaitsi. 1990eko hamarkadako ontzi erdiekin kopuru bera arrantzatzen da.

Gaur egungo itsasontziek ahalmen tekniko handiagoak dituzte. Jende askok kritikatzen du diru asko gastatu dela ontzidia gutxitzeko baina arrain espezieei egiten zaien kaltea mantentzen dela. Kontua da lehiakortasun txikiena zuten ontziak desegin direla, eta, diru laguntzei esker, lehiakortu egin direla geratu direnak. Nire ustez, gauzak ondo egin dira, baina oraindik desfase txiki bat dugu Bizkaian eta Gipuzkoan kuoten eta arrantza ahalmenaren artean.

Kuota txikiegia da arrantza ahalmena baino.

Edo, beste aldetik ikusita, gehiegizko ahalmena daukagu daukagun kuotetarako.

Kuota handitu behar da ala arrantza ahalmena txikitu?

Biak egiten saiatu, oreka bilatzeko bidean. Europatik 2019ra arte etorriko den dirua aprobetxatu behar da lehiakorrak ez diren ontziak gutxitzeko, eta, beste aldetik, lan politikoagoa litzatekeena, ea posible den kuotak handitzea.

Lanpostuak suntsitzea esan nahi luke horrek.

Egia da desegiten diren itsasontzietan lanpostu batzuk galduko direla, baina jabetu behar dugu, zoritxarrez, belaunaldi txandakatzerik ez daukagula itsasoan. Gure arrantzale gazteenak 40 urte edukiko ditu, eta asko daude erretiratzeko adinera iristen ari direnak. Oreka bat mantentzen da hor: desegiten diren ontzietako marinelek topatzen dute lana gelditzen diren itsasontzietan.

Oso zaila da, oro har, orekak aurkitzea.

Baina oreka horretara hurbiltzen bagara, bizimodua ateratzeko eta diru bat irabazteko aukera egongo da itsasoan. Beste kontu bat dira laneko baldintzak, itsasoa itsasoa da itsasontziak askoz hobeak izan arren.

Zenbat txikitu behar da arrantza ahalmena?

Sektorez sektore ikusi behar genuke zenbat txikitu behar den, eta azterketa bat egin. Alturako sektorea oso gaizki pasatzen ari da, Espainia EBn sartu zenean sektore hori izan zen sakrifikatu handiena. Hor nik uste dut ontzidiaren %20 bat jaitsi behar litzatekeela. Sarearekin ibiltzen den ontzidia ere %10 bat jaitsi beharko litzateke 2019rako. Urte horretan amaituko da EBtik datorren dirua ontziak desegiteko. Uste dut posible dela ordurako oreka bilatzea.

Arrainaren prezioa berbera da azken urteetan: 2007an kiloko batez bestekoa 60 zentimokoa zen, orain bezala, baina bizimodua garestitu egin da bitartean.

Horixe da konponketa oso zaila duen beste arazo bat arrantzaleentzat. Beste elikagaiekin batera aztertzen badugu, pentsatzen dut azken hamar urteetan haragiak eta oilaskoak ere, esaterako, oreka mantendu dutela. Orokorrean, arraina beti izango da oilaskoa baino garestiagoa eta haragia baino merkeagoa. Nire ustez, elikagai gehienen prezioak mantendu dira gutxi gorabehera azken hamarkadetan. Lehen sektoreak daukan defizit bat da prezioarena; produktua bezeroarengana iristeko dauden kostu guztiak atzekoari pasatzen zaizkio beti, eta katean azkena arrantzalea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.