267 enpresa sortu dira Gaztempresaren bidez

Iaz emandako laguntzekin 2009an baino lanpostu gutxiago sortu dira, baina diru kopuruari eutsi diote

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskadiko Kutxak gazte ekintzaileei laguntzeko daukan Gaztempresa fundazioak 2010ean 267 enpresa sortzeko laguntza eman zuen, 1.200 eskaera jaso baldin bazituzten ere. Gaur egun enpresak sortzea zaila dela azaldu zuen Inmaculada Ramos Gaztempresako zuzendariak, «gutxi kontsumitzen baita». Hala ere, eskarien %24ri erantzun eta laguntza eman izana emaitza ona dela azpimarratu zuen.

Sortu diren enpresa horien bidez 426 lanpostu berri sortzen lagundu dute fundazioaren bidez.Horietatik erdiak baino gehiago —%52— emakumezkoak ziren, eta ekintzaileen batez besteko adina 36,2 urtekoa izan zen, urtez urte gora doan kopurua.

2009ko datuekin erkatuz gero, lanpostu eta enpresa gutxiago sortzen lagundu dute, baina inbertsio kopuruak bere horretan jarraitu du. Izan ere, krisi egoera honetan proiektu bakoitzak laguntza ekonomiko handiagoak behar dituztela jakinarazi zuen Ramosek. Iaz Gaztempresak zortzi milioi euroko inbertsioa egin zuen enpresa berriak sortzeko. Batez beste proiektu bakoitza laguntzeko 57.500 euroko inbertsioa egin zuten.

Sortu zenetik, Gaztempresak 2.598 enpresa sortzen lagundu du. Eta, aurtengo aurreikuspenen arabera, iazko datuak berdinduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.