333 postu sortzen lagunduko die Gipuzkoako diputazioak udalei

Langabezian dauden langileak gutxienez sei hilabetean kontratatzeagatik 9.000 euro jasoko dituzte

Miren Garate.
Donostia
2009ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioak laguntzak emango dizkie mila biztanletik gorako udalei langileak kontratatzeko. Hiru milioi euroko plana onartu du, eta diru horrekin 333 lanpostu sortzea espero dutela adierazi du Markel Olano ahaldun nagusiak. Gutxienez sei hilabeterako lana eman beharko diote udalek langileari, eta kontratatutako lagun bakoitzeko 9.000 euro jasoko dituzte diputaziotik; hau da, hilabete bakoitzeko 1.500 euro. Udalek aukera edukiko dute kopuru hori osatzeko, esaterako, epe luzeagoko lana ematen diotenean langileari.

Herri bakoitzean dauden langabeen araberakoa izango da kontratatutako langile kopurua. 200 eta 400 langabe artean dituztenek hiru langileri emango diete beharra; 400 eta 600 enplegurik gabeko dituzten herrietan, lau lanpostu sortuko dira; 800 langabe artean dituztenetan bost; 800etik mila artean dituzten herriek hamar lagun kontratatu ahal izango dituzte. Handik gora, hamahiru langaberi emango diete lana Lasarten, Arrasaten eta Eibarren. Errenterian eta Irunen, hurrenez hurren, hamahiru eta hamazazpi postu berri sortuko dituzte. Planak Donostian edukiko du eraginik handiena, 30 langabe kontratatu ahalko baitituzte hiriburuan.

Postua eskuratzeko, ezinbestekoa izango da Gipuzkoako enplegu zerbitzu publikoan langabe gisa izena emanda egotea. Era berean, kontuan hartuko da langabearen egoera ere. Lehentasuna izango dute langabezia saririk jasotzen ez dutenek, azken lan harremana aurreko urtean izan zutenek, familia karga handienak dituztenek, emakumeek eta urritasunen bat dutenek. Lanpostuaren araberako ezagutzak edukitzea ere baloratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.