David Cameronen ezezkoak Mantxako itsasartea zabaldu du. Ostegunean bezalaxe, 34 kilometro daude Doverren (Ingalaterra) eta Calaisen (Frantzia) artean, baina politikoki tartea handiagoa da atzodanik, eta auzitan jarri du Erresuma Batuak Europako Batasunean izango duen lekua.
Europako Batasunaren geroaren eta Erresuma Batuaren orainaldiaren artean aukeratu behar zuen Cameronek, eta bigarrenaren alde egin zuen, zalantzarik gabe. «Tematsu eutsi diot interes nazional britainiarrari. Ez da erraza gela batean zaudenean zure interesekoa dela esanez presio egiten dizuten pertsonaz inguratuta zaudenean. Baina hauxe esan beharra zegoen: «Ezin dut egin, ez da gure interesekoa. Nik ezin dut hau [itun aldaketa] aurkeztu nire Parlamentuan, nire kontzientziak ez didalako gomendatzea uzten. Hortaz, ezetz esango dut, eta nire beto eskubidea erabiliko dut».
Erresuma Batuaren interes nazionala aldarrikatu du Cameronek EBko itunen aldaketari ezezkoa esateko, baina, agian, zehatzagoa izango litzateke esateaLondresko City finantzagunearen interesak zaintzen ari zela. Izan ere, Alemania eta Frantzia diseinatzen ari diren EB berrituan lekua izango dute finantza sektorearen arautze handiagoa eta finantza operazioei tasa bat ezartzeko aukera. City bi horietatik salbuetsita nahi zuen Cameronek, eta ez zuen lortu. «Ezin duzu kanpoan egotea eskatu eta gero euroari buruzko eztabaidan parte hartu, euroa nahi ez duzula esaten duzunean», erantzun zion Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Angela Merkelek ironia puntu batez hartu zuen Londresen jarrera: «Benetan ez dut uste David Cameron gurekin zegoenez mahaian».
Euroeszeptikoen poza
«Onena opa diet», esanez hartu zuen Cameronek Londreserako bidaia. Prentsa sentsazionalista eta eurofoboaren txaloak jaso ditu. The Sun-ek «pikutara» bidali ditu EBko agintariak, eta iragarri du herritarrek batasun berrituari ezezkoa esango diotela. Tory alderdiaren ordezkari serioago batean, Daily Telegraph-en, «bakarturik» geratzearen abantailak nabarmendu dituzte, eta «Europako ergelak eta beren itun ezgauzak» kritikatu dituzte. Cityko ordezkari batzuk ere pozik azaldu dira, esaterako, Tullett Prebon finantza artekari enpresako buru Terry Smith: «Itsasoratu aurretik Titanic-en igotzeari uko egitea bezain bakartuta dago Erresuma Batua».
Alderdi kontserbadorearen barruan euroeszeptikoenak «pozez zoratzen» zeuden, Douglas Carswell diputatua kasu. Haietako batzuek Europako beste hiriburuetan britainiarren aurka zabaldutako iritzia baliatuko dute erreferenduma eskatzeko Erresuma Batuak EBn jarraitzeari buruz.
Tory europazaleek, berriz, izenik eman nahi izan gabe, esan dute Bruselako goi bileraren emaitza «benetako desastrea» izan dela.
Tentsioa koalizioan
Cameronen erabakiak tentsioa handitu du Londresko gobernu koalizioaren barruan. Izan ere, alderdi euroeszeptikoenak —kontserbadorea— gobernua partekatzen du alderdi europazaleenarekin —liberaldemokratak—. Alderdi horretako buru eta lehen ministrordeak Nick Cleggek Cameronen jarrera sostengatu du, jendaurrean, behintzat. «Denentzat jokaleku bera izatea nahi genuen bakarrik, eta Cityri eragiten dieten arauek Europako beste finantza gune guztiei ere eragitea». Cleggek ziurtatu duenez, Bruselak proposatzen dituen baino arau gogorragoak ezarri nahi ditu Londresek, Vickers txostenean bildutakoak.
Baina beste buruzagi liberaldemokrata batzuek oso hitz gogorrak izan dituzte Cameronen «intransigentziaren» aurka, Erresuma Batuak EBren birmolda- ketan eragin txikiagoa izango duelakoan. «Europako agendaren kontrola erabat galdu dugu. Erresuma Batuaren atzerri politikaren 40 urteak estoldan behera erori dira gau bakar batean», adierazi zion burukide batek Financial Times egunkariari.
Laboristek ere Cameron kritikatu dute Erresuma Batua «bakartzeagatik» eta aliatuak lortzeko ezintasunarengatik.
Zorraren krisia. Bruselako goi bilera
34 kilometro baino urrutiago
David Cameronek EBren itun aldaketari ezezkoa esateak bakartuta utzi du Erresuma Batua, euroeszeptikoen pozerakoLondresko gobernuan tentsioak handitu dira toryen eta liberaldemokraten artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu