2016ko otsailaren 2an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak langile publikoei 35 orduko lan astea ezartzen dien dekretua. Estatuaren Abokatuak helegitea jarri zion dekretu horri, eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion, dekretua baliogabetuz.
Jaurlaritza ez zegoen konforme, eta, beraz, helegitea jarri zion erabakiari, Espainiako Auzitegi Gorenean. Helegite hori ez du onartu, ordea, Gorenak, eta, beraz, dekretua baliogabea dela berretsi du.
EAEko Auzitegiak 2016ko abenduan esandakoa berretsi du Gorenak, alegia, administrazioek Espainiako Gobernuak jarritako mugen barruan zehaztu behar dituztela tokiko langileen lanorduak. Horretarako, 2012ko Estatuko Aurrekontu Nagusietan jasotako legea dagoela indarrean ekarri dio gogora Jaurlaritzari.