39 urteko garraiolari bat hil da Bermeoko portuan, zamalanetan ari zela

Ondoezik sentitu eta erori egin da, kordea galduta; 24 orduz dolu xingola jartzeko eskatu die Hiruk garraiolariei

2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Lanean hildakoen zerrendak gizentzen jarraitzen du. Atzo gehitu zitzaion azken izena, garraiolari batena; aurtengo bosgarrena, Hiru Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuaren arabera. Oraingoan langilea ez da errepidean izandako ezbehar batean hil, istripua ez da traumatikoa izan; ondoezak jota hil da, baina beharrean ari zela. Lan heriotza izan da, beraz.

Zoritxarreko gertaera atzo goizean jazo zen, 08:30ak aldera, Bermeoko portuan. Beste hainbatetan bezala, 39 urteko gipuzkoarrak garaiz ekin zion lanegunari.Zamalanetan ari zen, kamioia husten edo kargatzen, eta ondoezik sentitu zen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak beranduago baieztatu zuenez, langilea zorabiatu egin zen, eta lurrera jausi, konortea galduta.

Haren lankideek berehala deitu zuten larrialdi zerbitzuetara eta laster bertaratu zen Osakidetzako helikoptero bat, langilea erietxera eramateko. Alferrik izan zen ordea, medikuak haren heriotza baieztatu baino ezin izan baitzuen egin.

Hildakoaren senide eta lagunei babesa eta elkartasuna adierazi zizkien Hiru sindikatuak; patronalari, aldiz, haserrea, «egungo ekoizpen eredu eroa dagoelako lan istripu guztien atzean, etekin ekonomikoak eta langileen osasunari eta bizitzari gailentzen zaizkielako».

Hildako lankidearen oroimenez, 24 orduz ibilgailuetan xingola beltza jarrita ibiltzeko eskatu zien sindikatuak Euskal Herriko garraiolari guztiei. Hildakoaren lankideek, berriz, elkarretaratzera deitu dute gaur eguerdirako. Zumarragatik Bergararako errepidean, ArcelorMittalen lantegiko sarreran egingo dute bilkura, 12:00etan hasita.

Mutualitateei egurra

Lan istripuen mutualitateek patronalaren zerbitzura jarduten dutela salatzeko, CCOOren deiari erantzune dozenaka lagun elkarretaratu ziren atzo Bilbon, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mutualitaterik handienaren egoitzaren parean. «Onartezina iruditzen zaigu erakunde horien jarrera, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean ari direla dioten arren, hark lan gaixotasuntzat jotzen dituen kasu guztiei helegitea jartzen dielako», adierazi zuen Jesus Uzkudun CCOOko ekintza sindikaleko arduradunak.

Gaurko, berriz, Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak deitu du elkarretaratzera. Patxi Kortazar langilearen Mutualiari arteko epaiketa hasiko da gaur, eta Kortazarri babesa ematea da elkarretaratzearen helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.