Wolfgang Wahlster. DFKI zentroko zuzendaria

«4.0 industriari esker, gizakiok luzaroago lan egingo dugu»

Robot adimendunek laugarren industria iraultza eragingo dute. Wahlster Bilbon izan da, eta, esan duenez, iraultza horrek pentsio sistemaren desorekak egonkortzen lagundu dezake etorkizunean.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eskaera zuzena egin zion Wolfgang Wahlster informatika katedradunari (Saarbrucken, Alemania, 1953) duela lau urte: 4.0 industria deitzen den teknologia gara zezala. Industria mailako laugarren iraultza izango dela diote adituek, ekoizpen katean produktuak modu indibidualean ekoiztuko direlako. Eta hori guztia, makina adimendunekin. Industria sustatzeko SPRI agentziak Basque Industry 4.0 izeneko jardunaldiak antolatu zituen atzo Bilboko Euskalduna jauregian, eta han izan zen adimen artifiziala ikertzeko Alemaniako DFKI zentroko zuzendaria.

Hiru industria iraultzen ondoren, laugarrenaren atarian gaude. Zenbat falta da iraultza hori pizteko?

Alemanian hasia da. Lehen prozesua 2011n hasi genuen, eta orain, ikerketa fabrikak izateaz gain, benetako industrian erabili eta frogatu dugu. Industria sarearen %10 lantegiak aktiboki aldatzen ari da, 4.0 industria bihurtzeko. Baina, Alemaniako lantegi guztietan kontzeptu hori barneratzeko, hamar urte beharko dira gutxienez.

Pertsonen Internetetik objektuen Internetera igaroko ginateke. Zer esan nahi du horrek?

Objektu fisiko ugarik daukate Internetekin lotura, eta horren bidez mezuak bidal ditzakete beste objektuekin. Auto normal batek, esaterako, hirurogei sentsore izan ditzake, eta errepidean ur asko dagoela irakur dezake. Arrisku hori ulertu, eta atzetik datorren kotxe bati bidal diezaioke mezua. Hori litzateke objektuen Internet, eta horrek ekarriko du hurrengo iraultza. Zehatzago esateko, 4.0 industriaren iraultza gertatzeko oinarria dela esango nuke.

Ekoizpen berriak bana-banakoak edo pertsonalizatuak izango dira industria mota honekin. Ekoizpen gastuen murrizketei buruz hitz egiten den garaian, horrek ez al luke eragingo produktuak garestitzea?

Ekoizlearentzat ez da garestiagoa izango. Baina nik uste bezeroak pixka bat gehiago ordaintzeko prest leudekeela produktu hori berentzat eginda dagoela jakinez gero. Adidasen webgunean, esaterako, zapatilak zuk diseina ditzakezu, eta etxera bidaltzen dizkizute. Besteak beste hori ekarriko du etorkizuneko industria iraultza honek, gero eta produktu pertsonalizatuagoak.

Robotizatutako enpresa adimentsu horiek gatazkarik eragin dezakete, ordea, robotek pertsonak ordezkatu ahalko dituztela esan baituzu. Langileen postua bete ahalko dute?

Produktu baten kalitate onena pertsonek lan egiten dutenean lor daiteke soilik. Robota behin-behineko ordezko bat besterik ez da. Alemaniako sindikatuekin elkarrizketak izan genituen honen inguruan, eta haiek ere iraultza honen beharra ikusten dute. Eta ez hori bakarrik: nik uste dut 4.0 industriari esker gizakiek denbora gehiagoz lan egitea lortuko dugula. Aditu ugari esaten ari dira pentsio sistemari eutsi ahal izateko 67 urtera arte lan egin beharko dugula. Gure kantzilerrak [Merkelek], ordea, 70 urtera arte jarraitu beharko dugula dio. Roboten laguntzarekin, karrera profesional baten amaieran hobea izango da ekoizpen katean behar egiten duen langilearen osasuna.

Makinek, orduan, herrialde garatuetako pentsio sistema bermatuko dutela esan nahi duzu?

Bai, hala da. [Barreak].

SPRI agentziak antolatutako jardunaldietan, esan duzu Alemaniako eta euskal industriaren arteko harremanak sakondu beharko liratekeela.

Bai, hala da. Euskal Herriak azpiegitura egokiak eskaintzen ditu, aspalditik ari zaretelako lanean ekoizpenaren arloan. Ikerketa zentro kualifikatuak dituzue, eta informazio eta komunikazio teknologian ere garapen handia daukazue. Iruditzen zait horiek denak batuz gero nazioarteko talde garrantzitsua sor litekeela Alemaniarekin. Izan ere, Europan batuta eutsi behar diogu, eta 4.0 industria hemen garatu. Europak izan beharko lukeelako datorren iraultza honen lidergoa.

XIX. mendean, Bilbo lehen industrializazioaren motorretako bat izan zen. Laugarrenaren lekuko izan daiteke, beraz?

Hala da, Bilbo industrializazioaren abangoardian egon zen industrializazio garaian, eta oraindik ere horrela jarraitzen du. Jendeak badaki zer den ekoizpenean lan egitea. Beraz, tradizioa biziberritu beharko litzateke, ekoizpen modu modernoagoak bultzatzeko.

Nola ikusten duzu 4.0 industriaren egoera Euskal Herrian?

Interes handia dagoela ikusi dut. Horren lekuko da zazpiehun pertsona etorri direla gaurko [atzoko] jardunaldietara. Gainera, Alemaniatik kanpo 4.0 industria terminoa erabili duten lehen topaketak izan dira hauek. Beraz, Euskal Herria alor honetan lehen postuan dagoela uste dut, eta martxan hasteko prest.

Alemaniaren pare?

Bai, hori esatera ausartuko nintzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.