Kantauri itsasoaren mailak 49 zentimetro gora egiteko aukera ez zaie txerritxo ehiztariei ardura. Epe luzeko kontuak. AEBetako manufaktura indizea eta Filadelfiako Fed-en adierazlearen ahultasunak, horrek bai, munduko ekonomia nagusiaren arazoak islatzen ditu. Atzo bertan akzio azoken mailan eragin zuen horrek, eta enpresa-mozkin itsasbeheraren jarraipena islatu dezake. Euroak gorantz jauzi egin, eta 1,29an da jada. %2na galdu zuten bi banku handienek, Trichetek dibidendua murriztea gomendatu baitie bankuei, euren balantzeak sendotze aldera. Eta hori, JP Morgan bankuaren mozkinek %76 gora egin arren gertatu da. Ilargia alde jarri zaie, berriro, finantza erakunde amerikarrei. Orotara 2.452 milioiren salerosketa izan zen, kopuru polita eta horietan 577 milioi izan ziren Botin buru duen banku gorriarenak. Zentimetrotan neurtu ezin diren zurrumurru eta usteek ere ekarri zuten eurena, Acerinox (+%2,38) edo Arcelorri (-%3,33) lez.
Ferrovialen (+%9,7) kurrinka latzek galeren joera hautsi zuten atzo: Amerika iparraldeko kostan, Kanadan, dute jatorria: pentsio funts batek -Kanadako handienetan bigarrenak- autopista batean bazkide duen Intoll Group erosteko 3.100 milioi dolar eskaini ditu. 407 ETR autopistaren %30 du Intollek, eta hortik dator bere balioaren %90. Espainiakoaren kontzesiorik handiena ere bada autopista hori, Cintraren bidez beronen %53 berea baitu. Hortaz, harribitxiari distira ateratzen hasi ziren, atzo bertan, txerritxo ehiztariak.
49 zentimetroena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu