Zordun handien zorra berriz ere handitu da, Araban bereziki

Hego Euskal Herrian 53 zordun handi berri daude, eta Gipuzkoan bakarrik murriztu da haien kopurua. Jabyer Fernandez eraikuntza enpresariak zor dio diru gehien ogasunari.

Arabako Ogasunaren eraikina. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Arabako Ogasunaren eraikina. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko ekainaren 30a
13:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko ogasunen zordun handien kopurua berriz ere handitu egin zen iaz. 2025eko abenduaren 31n, 1.206 pertsona fisiko eta juridiko ageri ziren zerrendetan, 2024an baino 53 gehiago. Datu horri Bizkaiko Aldundiak emaniko argibide bat gehitu behar zaio, lurralde horretan 323 baitira beste zordun batzuen zordun solidarioak —beste ogasunek ez dute zehaztu—. Guztien artean zor duten kopurua, berriz, 25 milioi euro handitu da: 1.287 milioi eurotik 1.312 milioi eurora.

Baina zein da zordun handi? Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan, ogasunari 600.000 euro baino gehiago zor dizkiotenak dira zordun handiak; Nafarroan, berriz, 120.000 euroan dago multzo horretan sartzeko langa. Ogasunek haien izenak jakinarazteko obligazioa dute uztailaren aurretik, eta handienak eraikuntza eta higiezinen sektoreko enpresari eta enpresak izan ohi dira.

Bizkaia: antzera

Hori da, esaterako, Hego Euskal Herriko zordun handienaren kasua: Jabyer Fernandez enpresaria. Urteak daramatza lehen postuan, eta ez dirudi zor handiari aurre egin ahalko dionik. Haren enpresek pilaturiko zorra —Habidite, Iurbenor eta Residere — eta bere gain duena kontuan hartuta, 243,6 milioi euro zor dizkio Bizkaiko Ogasunari, 2024an baino ia lau milioi gehiago.

Bizkaiko egoerari dagokionez, zordun handien zorra 594 milioitik 598ra igaro zen, eta zordunen multzoari beste bat gehitu zaio: 347 ziren lehen eta 348 dira orain. 323 zordun solidarioei dagokienez, haiek pilaturiko zorra 327,3 milioi eurorena da. Kopuru hori, baina, ez zaio zor orokorrari gehitzen, bi aldiz zenbatzea litzatekeelako.

Jabyer Fernandez eraikuntzako enpresaburua 2008ko irudi batean. Bera da Euskal Herriko zordunik handiena. MIGUEL TOÑA / EFE
Jabyer Fernandez eraikuntzako enpresaburua 2008ko irudi batean. Bera da Euskal Herriko zordunik handiena. MIGUEL TOÑA / EFE

Zerrendan ageri diren erdiak baino gehiago higiezinen burbuilarekin hondoa jotako enpresak dira. Kiebra jo eta deseginda daude horietako batzuk. Desegiteko prozesu hori behar baino gehiago atzeratu zaie batzuei, ordea, eta interesak handitu zaizkie zorra atzerapenarekin ordaintzeagatik. Kasu horietan ia ezinezkoa da pilaturiko zor osoa berreskuratzea.

Gipuzkoa: bederatzi izen gutxiago

Gipuzkoa izan da urte batetik bestera zerrendako zenbakiak txukundu dituen lurralde bakarra. Bederatzi izen gutxiago ageri dira bertan —sei sartu dira eta hamabost irten— eta guztien artean —73 dira— zor duten kopurua zazpi milioi euro murriztu zen. 2024an ere Gipuzkoakoa izan zen zordun handien zama arintzea lortu zuen ogasun bakarra.

Gipuzkoako lehen postuan Osinalde Etxaniz anaiak ageri dira, 40,2 eta 40,1 milioi euroko zorrekin hurrenez hurren. Higiezinen sektoreko enpresariak dira, eta haien zorra solidarioa da. Bigarren postuan Fagor Etxetresnak daude, 14,5 milioi eurorekin. Lehen bostak iazko berak dira. Sartu berrien artean Lurauto auto kontzesionarioak nabarmentzen dira, 3,08 milioi euroko zorrarekin.

Araba: kasu baten zama

Arabako zerrendan iaz baino sei izen gehiago ageri dira eta 66 dira guztira: 57 pertsona juridiko eta sei norbanako. Guztien artean 184 milioi euroko zorra dute, iaz baino hamasei gehiago. Kopuruari dagokionez, Araban handitu da gehien: ia %9. Aldundiak azaldu duenez, zordunetatik 31 konkurtso prozesuetan murgilduta daude, eta horien artean ia zorraren %60 dute pilatua.

Izen handietan ez da aldaketarik, ordea: Ros Casares taldea eta haren bost enpresak dira orain ere zordunik handienak. Zertxobait handitu dute zorra, gainera, 42,1 milioi euroraino —milioi gehiago—. Guillermo Asarta dago bigarren postuan, 14,8 milioirekin, eta 2024an baino 400.000 euro gehiago zor ditu orain.

Arabako kopuruaren igoeraren arrazoia, izen bati lotuta dago: Josu Fernandez Cejudo. Berria da zerrendan, eta 7,1 milioi euro zor dizkio ogasunari. Igoeraren erdia dakar haren zorra handitzeak. Jofer Inversiones Financieras enpresari loturiko 25 urteko gizon bat da, eta duela bi hilabete atxilotu egin zuten hainbat pertsonari iruzur egin izana leporatuta.

Nafarroa: igoera txikia

Zordun handi izateko langa beherago dago Nafarroan, eta horregatik zerrenda luzeagoa da. 688 izen ageri dira, 2024an baino 24 gehiago eta guztien artean zor duten kopurua 12,3 milioi handitu da: 334, milioi euro guztira. Dena den, zordunen kopuru horretan 47 izen berri gehitu dira eta 23 atera. Iaztik zerrendan dauden 641 pertsonetatik 57k zorra handitu dute, eta 142k, murriztu.

Gabriel Urralburu
Gabriel Urralburu Nafarroako presidente ohiak ia 600.000 euro zor dizkio ogasunari. EFE

Nafarroako Gobernuak datuen galbahe zehatzagoa egiten du: zorraren 107 milioi BEZarekin lotuak daude, eta 62 milioi isunak dira. Zordunetako 220 higiezin eta eraikuntza enpresak dira, eta haien artean 109 milioi euro zor dituzte. Zor gehien duen bigarren sektorea ostalaritza da: 156 zordun eta 73 milioiko zorra.

Izenei dagokienez, bost handienak iazko berak dira. Eraikuntza sektorean porrot egindako enpresak dira: Urpasa, Construcciones Flores, Nasipa, Prodinver... Zerrendan daude orain ere, halaber, Gabriel Urralburu Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia (556.000 euro), Denis Mentxov eta Vladimir Karpets txirrindulari ohiak, eta Krisztian Vadocz, Pizo Gomez eta Walter Pandiandi Osasunako jokalari ohiak.

Izen berrietako batek ere harremana du futbolarekin, San Lorenzo de Almagro Argentinako futbol taldeak 931.274 euro zor baitizkio ogasunari. Argentinako futbol talde handienetako bat da. Osasunak handik fitxatu zuen Chimy Avila aurrelaria 2019an, eta, ondoren, 2024an, Betis taldeari saldu sei milioi euroren truke. Itxura guztien arabera, operazio horietan pilatu du zorra.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA