ENPRESAK

561 milioi euroren isuna ezarri dio EBk Microsofti

Windows sistema operatiboak nabigatzaile desberdinak eskaintzeko konpromisoa ez betetzeagatik zigortu du Bruselak.

Iker Aranburu.
2013ko martxoaren 6a
13:56
Entzun

Joaquin Almunia Lehiarako komisarioak argudiatu duenez, isunarekin etsenplua eman nahi du Europako Batzordeak; izan ere, aurreko zigor batzuren ondoren, Microsoftek agindu zuen Windowsekin batera Internet Explorer bere nabigaitzailea ez beste batzuk ere eskainiko zituela. 2011ko maiatzaren eta 2012ko uztailaren artean, ordea, ez zuen halakorik egin, "arazo tekniko batengatik", AEBetako konpainiak argudiatu duenez. Batzordeak ontzat hartu du azalpena, eta horregatik erabaki du isuna txikia izateak monopolioen aurkako arauak uzten dionaren aldean —2012ko diru sarreren %10 artekoa, 4.000 milioi euro—. 

Laugarren aldia da EBk Bill Gatesen enpresa zigortzen duela. 2004an 497 milioi euroren isuna ezarri zion, bere lehiakideei trabak jartzen zizkielako Windowserako produktu alternatiboak garatzeko. Arrazoi horregatik ere 280,5 milioi euroren beste isun bat iritsi zitzaion Microsofti 2006an. 2008ko otsailean, berriz, 899 milioi euroren isuna ezarri zion, gehiegizko tarifak ezartzen zizkielako Windows sistemarentzat programak garatu nahi zituzten enpresei. Ekainean, EBko Auzitegi Nagusiak 860 milioi eurora jaitsi zuen isuna.  

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.