600 milioi euroko «gorabehera»

Caisse d'Epargne Frantziako aurrezki kutxak 600 milioi euro galdu ditu azken egunotan burtsako operazioetan, ustez operadore batzuek zuzendaritzak agindutakoa baino gehiago arriskatu zutelako.

jakes goikoetxea
2008ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Aurreko aste beltza are beltzagoa izan da Caisse d'Epargnerentzat. Frantziako aurrezki kutxak «gorabehera garrantzitsua» izan zuen, «merkatuen muturreko aldakortasunagatik eta burtsaren porrotagatik»: 600 milioi euro inguru galdu zituela, alegia. Finantza erakundeak zenbait langileren jokaerari leporatu dio galera: «Bost edo sei pertsonako talde bat zuzendaritzaren aginduak baino haratago joan da». Finantza zuzendari bat kaleratu egin dute, eta gainerako langileek jada ez dute Caisse d'Epargnen lan egiten.

Caisse d'Epargneren arabera, ohiko kontroletako batean antzeman dute 600 milioi euroko galera. Aurrezki kutxak burtsako operazioen jarduera propioa ixtea erabaki zuen ekainean, arriskuak handiegiak zirelako. Gertaera horrek azkartu egingo du adar horren itxiera.

Jerome Kerviel gogoan

Gertaerak gogora ekarri du urtarrilean ezagutu zen Jerome Kervielen kasua. Societe Generale bankuak 4.900 milioi euro galdu zituen, ustez Jerome Kerviel burtsa operadorearen salerosketa okerren ondorioz. Kervielek esan zuen gainditu egin zuela burtsan salerosketak egiteko baimentzen zieten arrisku muga, «gainerako operadoreek bezala».

Caisse d'Epargnek 20.000 milioi euroko kapitala dauka eta nabarmendu du 600 milioi euroko galerak ez diola eragingo bere sendotasunari.

Diru galera momentu konplikatuan gertatu da, Europako gobernu nagusiek -baita Frantziakoak ere-, diru publikoarekin lagunduko baituzte finantza erakunde nagusiak. Frantziako Gobernuak asteazkenean izan zuen galeraren berri. «Zapuztuta eta gogogabetuta nago», esan zuen atzo Christine Lagarde Frantziako Ekonomia ministroak. Zigorrak iragarri zituen, baina ez zuen zehaztu zein. Frantziako Bankuen Batzordeak merkatuen zaintza neurriak aztertuko ditu.

Caisse d'Epargnek eta Banque Populairek bat egingo dute, iragan astean iragarri zutenez. Biek bat egin ostean Frantziako bigarren finantza erakunde handiena sortuko dute: 480.000 milioi euro edukiko dituzte gordailuetan eta sei milioi bezero baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.