6.000 kooperatibisten soldatak murriztea proposatu du Fagorrek

Datozen hilabeteetan soldata %8 jaitsi bai edo ez erabaki beharko dute zortzi enpresatako bazkideek

ERREDAKZIOA
2008ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Salmentak jaisten ari direla eta, Fagor hainbat neurri proposatzen ari da azken asteetan, eta horietan azkena Fagor taldeko zortzi enpresetan soldatak % 8 murriztea izan da. Neurria aurrera ateratzen baldin bada, Hego Euskal Herriko 6.000 langileri eragingo lieke.

Fagorrek azaldu duenez, zortzi enpresak proposamen hori kontuan izan beharko dute datorren urterako kudeaketa plana egiterako orduan. Irabazien aurreikuspenen arabera, kontseilu errektoreak eta gizarte kontseiluak neurria beharrezkoa edo gehiegizkoa den neurtu beharko dute. Ondoren, kooperatiba bakoitzak bere erabakia hartu beharko du, eta behin hori eginda, urtarrilean, onartu egingo dute batzar orokorrek, beti ere erantzuna baiezkoa baldin bada.

Azken hitza kooperatibistek eman beharko dute. Apirilera bitartean kontsulta prozesu bat egingo dute langileen artean, eta azkenean erreferenduma egingo dute.

Erabakitzeko eskubidea izango dute Fagor Etxetresnak, Fagor Ederlan, Fagor Elektronika, Fagor Automotion, Fagor Arrasate, Fagor Industrial, Mondragon Assembley eta Copreci enpresetako kooperatibistek. Atzerriko langileak kontuan hartuta, enpresak 18.000 langileko lan taldea dauka, baina neurriak soilik Hego Euskal Herriko 20 lantegietako 6.000 kooperatibistei eragingo lieke.

Gastuak murriztuz

Nabarmena da Fagor ez dagoela egoera ekonomiko oparoan. Krisi ekonomikoaren eraginez, salmenten jaitsierari aurre egin beharrean aurkitzen da, eta horretarako zenbait neurri aurrera eramaten ari da azken asteetan. Batetik, 150 lanpostu kenduko ditu, eta langile horiei bi irtenbide emango dizkie: Mondragon taldeko beste enpresa batean berriz kontratatzea edo 55 urtetik gorakoei erretiro aurreratua hartzea. Gabonetako paga berezia ez kobratzea ere erabaki zuten Fagor Etxetresnak enpresako langileek. Azkenik, Fagor Ederlanen ere urtea amaitu bitartean produkzioa geldituko dute hamar ostiraletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.