66 urteko garraiolari bat hil da Irunen

Lehen zantzuen arabera, heriotza ez-traumatikoa izan da. Aurten bederatzi gidari hil dira Euskal Herrian.

Kamioi batzuk geldirik, Gipuzkoako zerbitzugune batean. JON URBE / FOKU
Kamioi batzuk geldirik, Gipuzkoako zerbitzugune batean. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko maiatzaren 21a
16:40
Entzun 00:00:0000:00:00

LABek jakinarazi duenez, herenegun goizaldeko 06:30ean Transpide enpresako garraiolari bat hil zen Irunen (Gipuzkoa), lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Zantzu guztien arabera, heriotza ez-traumatikoa izan zen, sindikatuak azaldu duenez. Kamioia martxan zegoen eta atea irekita topatu zuten langilea. Datorren hilabetean 67 urte bete behar zituen eta S.S. ziren haren inizialak. LABen zenbaketaren arabera, urte hasieratik hogei langile hil dira Euskal Herrian, horietatik bederatzi garraiolariak ziren.

Garraio sektorearen «prekarizazioa» gero eta handiagoa dela nabarmendu du sindikatuak, eta hildako azken langilearen adina gogoratu du. «Ez da onargarria adin horrekin lanean jarraitu behar izatea, are gehiago horrelako jarduera arriskutsu batean. Administrazioak mugak ipini behar dizkio sektoreko prekarizazio joera bortitzari, erretiro adina jaistetik hasita».

LABentzat ez da kasualitatea garraioaren sektorean heriotza ez-traumatikoak ugaritu izana: «Horren atzean hainbat kausa daude, hala nola estresa, lan karga, erritmoak, eta finean, bizitza osasuntsua eramateko zailtasunak. Horiek prebenitzeko neurriak hartu behar dira, eta gobernuek dute horren giltza». Osalan eta gisako erakundeen planak «antzuak» izaten direla salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.