Espainiako Lan Ministerioko ikuskaritzak 79 milioi euroko isuna ezarri dio Glovo plataforma digitalari. Iruzurra egitea egozten dio, eta «langileen eskubideak urratu izana». Zigorra eremu ekonomikotik harago doa, enpresak Herrialde Katalanetako 10.614 banatzaileren izena eman beharko duelako Gizarte Segurantzan. Glovok helegitea jartzeko asmoa duela aurreratu du, eta zehaztu du isuna rider-en legea indarrean sartu aurrekoa dela.
Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak eman du Glovori leporatu zaion delituaren berri: «Autonomo faltsuen kasu argi eta garbi bat da, eta legeak gogor egingo dio enpresa honi, lan ikuskaritzak egin duen bezala». Are gehiago, ikerketa «oztopatu» izana ere egotzi dio Glovori, eta hori urraketa «oso larria» dela zehaztu du. Ondorioz, plataforma digitalak 8.331 banatzaile erregularizatu beharko ditu Bartzelonan, eta beste 2.293 Valentzian.
Glovok, halere, zehaztu du lan ikerketak rider-en legea delakoa indarrean sartu aurreko egoera aztertu duela. Legea iazko abuztuan sartu zen indarren, eta ikerketak salaturiko urraketak 2018 urtetik 2021eko abuztura arteko tartean eginikoak dira. Enpresak, halaber, salatu du informazioa emateko epea handitzeko eskatu zuela eta lan ikuskaritzak ukatu egin ziola. Era berean, aurreratu du helegitea jarriko duela epaitegietan.
Hau ez da Espainiako Lan Ministerioak Glovori jarritako lehen isuna, 2021eko azaroan Sevillan (Espainia) ziharduten 1.300 banatzaile erregulatzera behartu baitzituen. Dena den, urtebete pasatu da rider-en legea onartu zenetik, eta Uber Eats banaketa enpresak publikoki salatu du Glovok oraindik banatzaile autonomoak dituela. Glovok EAEko Auzitegi Nagusian izandako epaiketa galdu zuen iazko maiatzean.