Aberatsenak zergapetzea, mahai gainean orain inoiz baino gehiago

Frantziako 1.800 familiarik aberatsenek zergak modu bidezkoan ordain ditzaten du helburu Zucman tasak. Herritarren %86k ondarearen %2rainoko tasa babesten dute.

Gabriel Zucman, aste honetan Frantziako Asanblea Nazionalean. YOAN VALAT / EFE
Gabriel Zucman, aste honetan Frantziako Asanblea Nazionalean. YOAN VALAT / EFE
Irune Lasa.
2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako politikan luze doa krisia. Aste honetan, gobernuak 2025erako beste aurrekontuen lehen zirriborroa aurkeztu du, oraingoan Sebastien Lecornu lehen ministroaren buruzagitzapean. Baina ez dago batere argi zer gertatuko den haiekin, ezta gobernuarekin berarekin ere. Eta krisi politikoaren muinean, herrialdearen zor handiaz gain —eramangarria izanagatik ere murrizten ez dena—, defizit menderaezinak ere badaude. Eta, horiei lotuta, murrizketen mamua. Egoera horretan, ez da harritzekoa guztien ahotan egotea bidezko zergapetzea: Zucman tasa, ultraaberatsek dagozkien zergak ordaintzea proposatzen duena.

Tasa hori otsailaren 20an onartu zuen Frantziako Asanbleak, baina, gero, Senatuak atzera bota zuen, ekainaren 12an. Hala ere, tasaren inguruko eztabaidak puri-purian jarraitzen du, besteak beste PS Alderdi Sozialistarentzako marra gorria bihurtu delako tasa aurrekontu berrietan sartzea. Eta haien aldeko botoak ezinbesteko ditu Lecornu zentristak ezer aurrera ateratzeko.

Ultraaberatsen gaineko tasak Gabriel Zucmanen izena darama. Zucman Thomas Pikettyren eskolako ekonomista bat da, EBko Zerga Behatokiaren zuzendaria, eta Berkeley eta Paris-Saclayko irakaslea.

Zer da Zucman tasa?

Zucmanen tasarekin gutxieneko zerga tasa bat sortuko litzateke, %2koa,100 milioi eurotik gorako fortunen gainean.

Zergadun horiek gainerako zergetan —errentaren zergarekin, gizarte kontribuzioekin eta abar— beren ondarearen %2ri dagokiona baino gutxiago ordainduko balute, orduan aplikatuko litzateke %2rainoko tasa, urtero.

100 milioi eurotik gorako ondare horretan kontuan hartuko lirateke: ondasun higiezinak (etxeak), autoa, arte lanak, aurrezkia eta, batez ere, ondasun profesionalak deitzen diren horiek, hala nola akzioak, lurrak eta makinak.

Diru sarrerez gain, ultraaberatsen ondarea ere zergapetzearen helburua optimizazio fiskala oztopatzea da.

Zer da optimizazio fiskala?

Azterketen arabera, aberatsenek badituzte moduak gainerakoek baino zerga gutxiago ordaintzeko. 2016. urtean, frantsesen %0,1 aberatsenentzako —goiko klasearentzako— sarreren batez besteko zergapetze integrala %46koa izan zen; aldiz, %0,0002 aberatsenek soilik %26 ordaindu zuten optimizazioari esker. Azken azterketen arabera, 2016az geroztik tasa hori jaitsi egin zaie, %25era.

Ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko legezko modurik ezagunenetakoa da diru sarrerak holding sozietateenak izatea, ez norbanakoarenak. Ondorioz, praktikan ultraaberatsek errenta zergarik ez dute ordaintzen, nahiz norbanakoek holding-etan dituzten diru horiek gero erabili bai, erabiltzen dituzten etxeak, autoak, dena delakoak erosteko. Alegia, askotan diru horiek praktikan ez dira egoten inbertsioetan harrapatuta.

Zergatik 100 milioitik gora dituztenei soilik?

Errentarik handieneko pertsona horietan bihurtzen da zerga tasa erregresiboa: hots, nahiz eta sarrera handiagoak izan, zerga gutxiago ordaintzen dituzte errenta txikiagokoek baino. Horrek esan nahi luke, tasaren defenditzaileen ustez, hautsi egiten dela Frantziako Konstituzioan jasotako zerga berdintasuna. Zucman tasak Frantziako 1.800 familia ingururi eragingo lieke.

Batzuek diote tasa hori ezarrita aberatsek alde egingo luketela Frantziatik.

Zucmanen arabera, «Frantziako milamilioidun guztiak bihar Kaiman uharteetara aldatuko balira, Frantziako Altxorraren zerga bilketako galera ia hutsa izango litzateke, haien ondare guztiaren %0,03 inguru». Hori da gaur egun zergatan ordaintzen dutena.

Dena den, azterketa gehienek diote ultraaberats batzuk joan daitezkeela Frantziatik, baina gutxi hala ere. Areago, beste herrialdeetako aberats askok aukeratzen dute Frantzia bizitoki gisa.

Edonola ere, proposamenaren arabera, neurriak ukitutako zergapekoek gutxieneko tasa ordaintzen jarraitu beharko lukete herrialdetik joan eta hurrengo bost urteetan ere.

%42

 

Gero eta aberatsago Aberatsenen fortuna etengabe joan da handituz azken 30 urteetan Frantzian. Challenges-en arabera, 1996. urtean, Frantziako 500 pertsona dirudunenen aberastasuna 80.000 milioi eurokoa zen, garai hartako BPGaren %6,4. 2024an, berriz, 1,2 bilioi eurokoa, BPGaren %42.

Zenbat diru bilduko litzateke?

Zucmanen arabera, tasaren bidez urtero 15.000 eta 25.000 milioi euro artean bilduko lirateke Frantziako Altxorrarentzat, noiz eta herrialdea defizita murrizteko ataka estuan dagoen honetan. Beste ikertzaile batzuen ustez, ordea, bilduko litzatekeen kopurua 5.000 milioi euro ingurukoa izango litzateke, hain zuzen zergadunek ihesa gehiago baliatuko dutelako edota optimizazioa erabili.

Jendearen babesa.

Zucman tasak bildutakoak ez du defizita kitatuko, baina gero eta bidezkoagoa ikusten da gerrikoa estutzeko unea gertu duen herrialde horretan. Bidezkotasun fiskalaz hitz egiten da. Ifop inkesta etxeak sozialisten eskariz egindako galdeketaren arabera, frantziarren %86k babesten dute neurri batean Zucman tasa, eta %58k erabat.

Frantzian itzal handia duten ekonomista batzuk ere agertu dira tasaren alde, hala nola Olivier Blanchard eta Jean Pisani-Ferry.

Zein dago kontra?

Zentristak eta eskuina daude fortunen gaineko zergaren kontra. RN ultraeskuindarra ere kontra azaldu da. Haien ustez, kaltegarria izan daiteke ekonomiarentzat. Zucman tasa konstituzioaren kontrakoa ere izan daitekeela uste dute politikari batzuek, «konfiskatorioa» izan daitekeen heinean.

Tasaren kontrako argudioetako bat start-up-en kasua da, eta horren adibidetzat jartzen da Mistral adimen artifizialeko konpainia, Frantziakoa. Haren burtsako balioa 12.000 milioi euro da, baina ez du irabazirik eman oraindik. Zucman tasaren baldintzen arabera, ordea, konpainiaren sortzaileek pagatu beharko lukete %2ko tasa. Nola, baina, ez badute hortik diru likidorik jasotzen? Zucmanen arabera, likidorik ezean, zergadun horiek %2ko tasa adinako akzioak eman beharko lizkiokete estatuari.

Zucman tasaren eta Zucmanen beraren kontra ahoan bilorik gabe hitz egin duena Bernard Arnault izan da da, LVMH taldearen burua. Haren ustez, «ezker muturreko militantea» da Zucman, «ezagutza sasiakademikoak» erabiltzen dituena «bere ideologiaren zerbitzuan, zeinaren helburua den ekonomia liberala suntsitzea, ongizate komunerako funtzionatzen duen bakarra».

Forbes aldizkariaren arabera, 157.700 milioi euroko fortuna du Arnaulten familiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.