Arabako esku hartze sozialeko langileen baldintzak arautuko dituen lehen lan itunaren negoziazioa hasi dute ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek AISA patronal berriarekin. Maiatzean negoziazio mahaia osatu zuten. Iazko martxoan sektorean ordezkaritza duten sindikatuek hasitako bideak bere lehen ondorioa izan du, eta hemendik aurrera edukiei begira jarriko dira; lehen-lehenik bihar bertan egingo duten bileran.
Hiru zutabe izan behar ditu hitzarmenak, sindikatuen arabera: sektoreko langileak, enpresak eta erakunde publikoak. «Hiruretan eman ditugu pausoak», diote sindikatuek. «Lortu dugu esku hartze sozialeko zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresa, fundazio eta entitateak lan baldintzak eta soldatak arautuko dituen hitzarmenaren alde egotea». Horren isla da negoziazio mahaia osatu ahal izateko «ezinbesteko» den patronala osatu izana aurrez. «AISA elkarte patronal berriarekin elkartu gara».
Erakunde publikoei dagokienez, Arabako zerbitzu sozialen ardura nagusia foru aldundiak eta Gasteizko Udalak dute. Alderdiekin bilerak egin eta «gehienen atxikimendua» lortu dute sindikatuek. «Esku pribatuetan jarri diren zerbitzu publikoez hitz egiten ari gara, erakunde horiek zerbitzuak kudeatzeko esku pribatuetan uzten duten diru publikoaz ari gara; lan hitzarmen bat lortzen baldin badugu hori bete egingo dela bermatu behar duten erakunde publikoak dira».
Gizarteak pairatzen dituen murrizketak eta krisialdiaren ondorioak «zuzen-zuzenean ikusten eta nozitzen dituzten» langileak dira sektore horretakoak. «Egoera tamalgarri horretan» izaten diren ondorio sozial «lazgarrienei» aurre egin behar diete langileek euren egunerokotasunean. Sektorearen desarautzea, murrizketak eta lan baldintzen okertzea gehitu behar zaio horri.
Orain arte egin diren bi batzar orokorretan «oso parte hartze handia» izan da. Eta bihar hirugarren batzar orokorra egingo dute, negoziazio prozesuaren hasierako «zailtasunak», patronalak aurkeztutako plataforma eta hitzarmena bultzatzeko lanarekin».
Abian da esku hartze sozialeko lan itunaren mahaia
Arabako esku hartze sozialeko langileek beren lehen sektoreko ituna negoziatzen hasiko dira bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu