Absoluzioa (gaurkoz)

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Txerritxo ehiztariak epaile zorrotzak izaten dira, eta absoluzioa eman zioten Ibex-35 indizeari (=) atzoko egunez. Petrolioa 84 dolarrean eta euroa 1,36an direlarik, azken bi egunetako igoeren liseriketa tokatzen zen. Berri makroekonomiko mamitsurik ezean, absoluzioa (gaurkoz). Mozkin berriak iritsi bitartean, AEBetako defizit komertzial uste baino handiagoak epel laga zituen txerritxoak. Sumarioa ez zen txikia izan: 2.166 milioiren salerosketa eta Edurnezurik (=) berak islatu zuen ongien ehiztarien su etena: 18,15 euroan egingo du lo, lasai ederrean. Ahobatekotasuna, ordea, nekez gertatzen da burtsan: BBVA (+%0,58) eta Gamesak (+%2,34) poza adierazi zuten; kontrara, Iberia (-%2,16) eta %1na pasa galdu zuten OHL eta Acciona nabarmendu ziren. Iberdrolak (-%0,08) ere, bere dorrea bezain altu dirudien 6,47 euroen talaiatik begiratu zuen guztia; denbora gutxian irabazi duen euro erdi hori, bada zerbait.



Amadeus. Duela bost urte burtsako kotizaziotik atera zen Amadeus bidaia erreserben enpresa. Orain, kapitalaren %25 berriz burtsaratzea erabaki du, Saltzeko Eskaintza Publiko (SEP) bidez. Iberiak (-%2,16) ez du %11,4ko partaidetza saltzeko asmorik.



CAN. Nafarroako Kutxak Banca Civica bankua sortuko du Espainiako bi aurrezki kutxekin. Horko zuzendari Enrique Goñik aipatu duenez, atzerrian jarduteko asmoa ere badute, AEBetako ekialdeko kostan. Espainiako bankuen esperientzia ikusita, erabaki eztabaidagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.