Enplegua

Abuztuan, 3.000 langabe gehiago eta 13.000 afiliatu gutxiago

Eskola oporrek eragindako kaleratzeek eta turismoari lotutako kontratuen amaierak eragin dituzte datu kaskarrak. Emakumeen arteko langabezia tasa gizonena baino ia bost puntu handiago da

Gazteak Bizkaiko Campusean egindako Enplegu Foro batean.
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 4a
09:30
Entzun

Abuztua hilabete kaskarra izan ohi da enpleguarentzat, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Langabe kopurua handitu egin da, eta txikitu, berriz, Gizarte Segurantzaren afiliazioaren bitartez zenbatutako langile kopurua. Aldagai batean zein bestean, datuak aurreko urteetakoen oso antzekoak izan dira, halakoak baitira datu okerragoen arrazoiak: hezkuntzari lotutako langile batzuen sasoiko kaleratzea—garbitzaileak, jantokietakoak, irakasle batzuk...– eta udarako langileen kontratuen amaiera.

«Hilabeteko datuek ohiko portaera erakusten dute, urte bikain batean», ziurtatu du Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak. Zenbaki hobeagoak espero ditu udazkenean, historikoki hala gertatu izan delako, eta jarduera ekonomikoa bizkortzea espero duelako.

Irakurketa ezkorragoa egin dute sindikatuek. «Enplegua suntsitu da berriro», nabarmendu du ELAk, eta «kontratazio berrietan dagoen prekaritatea» agerian geratu dela gaineratu. «Berri txarrak» ikusi ditu CCOOk, eta behin-behinekotasuna murrizteko neurri gehiago eskatu ditu, «lan erreformaren ondorioak agortzen ari baitira».

Hain zuzen ere, lan erreformaren ondorioekin lotu du LABek «emakume prekarioen kopuruak gora egitea». Erreforma horrek aldizkako kontratu finkoak ugaritu ditu, eta horietakoak dira udako hilabeteetan etendakoetako asko. LABen datuen arabera, maiatzetik abuztura emakumeek zituzten aldizkako kontratu finkoen %65,1 eten egin dituzte; gizonen artean, berriz, %29,2. «Feminizatuak dauden hainbat sektoretako langileen lan baldintza ezegonkor zein prekarioen erakusle».

Arantxa Niño UGT-Euskadiko Enplegu eta Formakuntza idazkariak, berriz, «zentzugabetzat» jo du ostalaritzan eta merkataritzan langabe kopurua handitu izana festa sasoia denean eta turismoa errekorrak hausten ari denean. Kaleratzeak ikertzeko eskatu dio Lan Ikuskaritzari.

Langabezia tasa, %10

Langabeziari dagokionez, uztailean baino 2.496 langabe gehiago zenbatu dituzte Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. 2017az geroztik, abuztuan bi eta hiru mila langabe artean gehitzen dira zerrendetara.

Guztira, 137.822 langile ageri dira langabe gisa erregistratuta enplegu bulegoetan, iazko abuztuan baino 6.897 gutxiago.

Azken hilabetean lurralde guztietan handitu da langabe kopurua, baina batez ere Bizkaian (+1.005) eta Gipuzkoan (+920). Araban ere asko handitu da (+558), baina ezer gutxi Nafarroan (+13). Azken datu hori baliatu du Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako eta Enpleguko kontseilariak abuztuko datuen interpretazio «positiboa» egiteko eta enplegua «egonkor» dagoela esateko. Haren iritziz, azken lan erreformaren eta «Nafarroako Gobernuaren azken urteetako politiken» ondorio dira datuak.

Langabezia tasa %10era itzuli da, baina askoz handiagoa da emakumeen artean (%12,4) gizonen artean baino (%7,9).

1,3 milioi baino gutxiago

Afiliazioari dagokionez, galera ohi bezain ikusgarria da: batez beste 13.043 kotizatzaile gutxiago izan ditu Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian. Iazko antzeko kopurua da, orduan 13.621 kotizatzaile galdu baitzituen Gizarte Segurantzak hilabete horretan.

Ohikoa da udan zehar hezkuntzan galdutako lanpostuak irailean eta urrian berreskuratzea, eta horrek beste zerbait ekartzen du: langabezia saria eskuratzen dutenen kopuruak behera egitea. Ekainetik uztailera, salto egiten du langabezia sari arrunta jasotzen dutenen kopuruak —aurten, %25etik %31era—, baina berriro erortzen da urrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.