Uda ez da txarra izaten ari Hego Euskal Herriko auto saltzaileentzat. Uztailean %31,6 egin zuten gora matrikulazioek, eta %3,6 berriz, abuztuan. Guztira, 3.643 auto berri matrikulatu dituzte, iaz hilabete horretan baino 127 gehiago.
Edonola ere, laguntza publikoek salmentei eusteko duten pisua antzeman egiten da. Jaurlaritzak badu salmenta laguntzeko plan berezi bat, eta hari esker %14 handitu dira salmentak bere eremuan; Nafarroako Gobernuak ez du halakorik egin, eta Espainiako Gobernuak ekainaren 15ean indarrean jarritakoak bakarrik eska ditzakete Nafarroako erosleek. Horregatik, edo beste faktore batzuengatik, lurralde horretan %15 jaitsi dira salmentak uztailean.
Udako salmenta onek pixka bat hobetu dute auto saltzaileen panorama, baina ez erabat. Urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra arte 23.656 auto matrikulatu dituzte Hego Euskal Herrian, iazko lehen zortzi hilabeteetan baino 10.917 gutxiago (-%31,5). Uztailera arte, erorikoa %35,7koa zen.
Laguntza publiko handienak motor alternatiboak dituztenek jasotzen dituzte, eta atal horretan salmentak iaz halako bi dira. Abuztuan saldutako auto berrietatik 827 izan dira hibridoak, elektrikoak eta gasa darabiltenak; hau da, %22,7ko merkatu kuota izan dutela, eta iaz %10,5 baizik ez. Berez, mota horretako motorra duten autoek gora egin dute azken urtean: %32, hain zuzen ere.
Elektrikoak, %64 gehiago
Horien artean gehienak ibilgailu hibridoak dira, hau da, motor elektriko txiki batez gain erreketako bat dutenak hiritik kanpo doazenerako. Baina elektriko hutsen pisua ere handitzen ari da, nahiz eta oraindik txikia den. Hala, 593 ibilgailu elektriko saldu dira aurten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, iaz baino %64 gehiago. Autoak ez ezik, autobusak eta furgonetak ere zenbatzen dira horien artean.
Elektrikoek eta hibridoek gasolina erretzen duten autoei kendu diete merkatua. Gasolina motorra dutenen salmenta %40 txikitu da aurten, eta, lehen %66ko kuota izanda (2019ko lehen zortzi hilabeteetan), orain %57,3ko kuota dauka. Dieselak, berriz, %23,3tik %22,2ra igaro dira.