Gipuzkoako ekonomiaren egoerari buruz balorazioa egiteko, prentsaurrean azaldu da Pello Gibelalde Adegi Gipuzkoako patronaleko presidentea. Iragarpen ugari egin ditu, baina gazteen egoeraz esandakoek arrabotsa piztu dute.
Gibelaldek azaldu du Gipuzkoako per capita errenta estatuko altuena dela —33.000 euro urtean—, eta gaur egungo gazteek ez dutela "goserik". "Nahikoa dute esfortzurik ez egitearekin". Honako hau izan da Gibelalderen agerraldia, zenbait esalditan:
- "Arazo nagusia etxeetan dugu. Alemanian egotea ez da etxetik kanpo egotea; Europan egotea da. Hegazkin bat hartu eta ordu eta erdian hemen zaude. Eta ikasi beharko dugu gure gazte hauek bizi osorako egongo direla Alemanian, Ingalaterran eta Frantzian".
- "Gaur egun, mundua txikia da. Hegazkinez, bidaiarik luzeena hamabi ordukoa da; Europan, bi-hiru orduan zaude etxean. Astebururako, etxean egon zaitezke".
- "Guk arazo handiak ditugu balio duen jendea kanpora —demagun, Txina edo Indiara— hiruzpalau urterako bidaltzeko, eta gero kexatzen gara hemen ez dugula lekurik. Beraz, azter dezagun ea interesatzen zaigun Txinan egotea hamar urtez, edo etxean egotea, Donostian edo Gipuzkoan, bizitza osoan, gurasoekin, ezkontzea, Donostian edo inguruetan etxebizitza bat izatea. Hori ezinezkoa izango da. Eta ez dugu sinetsi nahi".
- "Herrialde horietara doazen mutil gazte ezkongabeak, batzuetan, ezkondu eta bertan geratzen dira. Dugun zorte bakarra da hori, bertako neskekin ezkontzen direnean ez baitira itzultzeaz kezkatzen. Bide batez, herrialde horietan neska oso ederrak daude. Eta mutilak ere bai".