Adegik dio enpresak azken bost urteetako garairik zailenean daudela

Patronalak ohartarazi du industriak hornidura arazoak dituela eta hiru enpresatik batek gutxiago fakturatu duela aurten.

Adegi patronaleko buruak Donostian egindako agerraldian. JUAN HERRERO / EFE
Adegi patronaleko buruak Donostian egindako agerraldian. JUAN HERRERO / EFE
jokin sagarzazu
Donostia
2026ko maiatzaren 27a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez gaude alarma egoera batean, baina bai oso serio hartu behar dugun abisu seinale baten aurrean». Mezu horrekin laburbildu du Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusiak Gipuzkoako enpresen gaur egungo egoera. Patronalak bihar egingo duen urteko batzarraren bezperan aurkeztu ditu azken inkestaren emaitzak, eta datuek erakusten dutena ez da lasaitzeko modukoa, patronalaren arabera: industria moteldu egin da, enpresen artean ezkortasuna handitzen ari da, eta azken bost urteetako konfiantza mailarik txikiena dute.

Adegiren arabera, orain arte «motelalditzat» jotzen zutena «kezka handi» bihurtu da. Lau enpresatik batek uste du bere merkatua atzeraldian dagoela (%23,5ek), eta lehen aldiz gehiago dira egoera txarra ikusten dutenak susperraldia sumatzen dutenak baino (%21,5). «Klima ekonomikoaren aldaketa baten aurrean gaude», azpimarratu du Aierzak.

Industria ari da jasotzen kolperik gogorrena, Adegiren arabera. «Gipuzkoako ekonomiaren motortzat» jo duten sektore horretan, fakturazioa jaitsi egin da enpresen %37rentzat.

Eskaera zorroek ere beheranzko joera erakutsi dute aurten (-%1,5), «industriaren eta eraikuntzaren bilakaera txarraren ondorioz». Gaur egun, industria sektoreko enpresen %40k uste dute eskaera maila «ahula» dela; 2021eko urtarriletik izandako daturik okerrenetakoa da hori. Oro har, enpresen %35,5ek diote lan karga eskasa dutela.

Datu ekonomikoek okerrera egin arren, patronaleko buruek nabarmendu dute enpresek oraindik eusten diotela enpleguari. «Gipuzkoako enpresek erresistentzia eta konpromiso ahalmen handia erakusten jarraitzen dute», esan du Aierzak.

%19,5

Industriako zenbat enpresak murriztuko duten lantaldea. Adegik Gipuzkoako enpresen artean egin duen inkestaren arabera, enpresen %87,5ek aurreikusten dute lantaldeari eutsiko diotela edo handituko dutela datozen hilabeteetan. Hala ere, industriako enpresen bostetik batek —%19,5ek— uste du langile kopurua murriztu beharko duela; ez-metalikoetan, %25era igotzen da hori uste dutenen kopurua.

Patronalaren kalkuluen arabera, 2026an 1.000 eta 2.000 enplegu artean sortuko dira aurten Gipuzkoan, batez ere zerbitzuetan eta eraikuntzan. Otsailean egindako aurreikuspenak baino apalagoak dira datu horiek. «Albiste positiboa da, baina zuhurtziaz hartu behar dugu, joera orokorrak moteltze argia erakusten duelako», azaldu du Aierzak.

Absentismoa, «denon ardura»

Kezken zerrendan, berriz, lehengaien eta energiaren kostuak daude orain lehen postuan. Gaur egun, bi enpresatik bati baino gehiagori eragiten diete. Patxi Sasigain Adegiko lehiakortasun eta berrikuntza arloko arduradunak azaldu duenez, «badago lehengaien hornidurarekin arazo bat», nahiz eta oraingoz prezioen igoera «moderatua» izan den. «Oraingoz, gehiago da enpresen kezka bat benetako kolpe bat baino».

Lan kostuak eta soldaten igoerak dira bigarren kezka nagusia; enpresen %40k aipatu dute arazo gisa. Horri gehitzen zaizkio tentsio geopolitikoak, nazioarteko ekonomiaren ahultasuna eta absentismoa gero eta handiagoa izatea.

Azken horri buruz galdetu diote Aierzari, eta oso kritiko mintzatu da «Enpresen arazo zena gizarte arazo bihurtu da». Haren ustez, absentismoa «egiturazko arazoa» da jada, eta «zenbait ikuspegitatik eta ados jarrita» heldu behar zaio. «Denok jarri beharko dugu zerbait arazo hau konpontzeko».

BERO BOLADARI AURRE EGITEKO PROTOKOLOAK MARTXAN

Azken egunetako bero handiaren inguruan ere mintzatu dira Adegiko arduradunak. Patronalak bat egin du Eusko Jaurlaritzaren balorazioarekin, eta bero bolada «egiturazko lan arrisku» gisa jo du. Ikuspegi horrek, Adegiren arabera, ondorio praktiko argiak ditu enpresentzat: beroaren kudeaketa ez da aparteko neurri puntualen esku uzten, lan arriskuen prebentziorako planetan txertatu behar da. Aierzak azaldu duenez, Gipuzkoako enpresek dagoeneko badituzte prebentzio protokoloak martxan. «Enpresek lan arriskuen prebentzio araudia betetzen dute, eta bero boladei prebentzio politika horien barruan erantzungo zaie».

Bestalde, egungo egoerak lurraldearen hazkundean nola eragin dezakeen galdetuta, Sasigainek onartu du eragina izango duela. «Eragileek irailean barne produktu gordinaren beheranzko berrikuspena egingo dute, seguru». Zehaztu du, hala ere, horrek lotura izango duela nazioarteko egoeraren bilakaerarekin eta Ormuzko itsasartean gertatzen denarekin.

Eskaerak erakundeei

Adegik, hala ere, ez du mezu katastrofistarik zabaldu nahi izan. «Ez gaude alarma egoera batean», errepikatu du Aierzak, baina ohartarazi du garai honek «egonkortasuna eta konfiantza» eskatzen dituela. Patronalak adierazi du enpresek segurtasun juridikoa, arau egonkorrak eta «jarduera produktiboa sustatuko duten politikak» behar dituztela inbertsioari eta berrikuntzari eusteko.

«Egoerak enpresa, erakunde eta eragile sozialen arteko elkarlana eskatzen du»

JOSE MIGUEL AIERZAAdegiko idazkari nagusia

Horregatik, hiru eskaera nagusi egin ditu: industria lehiakortasuna indartzea, energia eta lan kostuei aurre egiteko neurriak hartzea, eta erakunde, enpresa eta eragile sozialen arteko elkarlana sustatzea. «Gipuzkoak historikoki erakutsi du garai zailei elkartuta erantzuten dakiela», azpimarratu du Aierzak.

Ez alferrik, Gipuzkoako patronalak biharko batzarrari begira aukeratu duen leloak ere —Egoeraz jabetu— egoera hori islatu nahi du. Adegiko buruak adierazi du ez dela izua zabaltzeko garaia, baina bai «seinaleak» adi irakurtzekoa. «Enpresek babesa, konfiantza eta baldintza egokiak behar dituzte enplegua, inbertsioa eta ongizatea sortzen jarraitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA