Adegik iragarri du aurten Gipuzkoan 4.000 lanpostu galduko direla

Atzeraldiak enpleguan nabarmen eragingo duela esan du patronalak; lau enpresatik batek langileak kaleratzeko asmoa duLekuan lekuko langabezia tasa adinako prezio eta soldata jaitsierak eskatu ditu

Donostia
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Urte «latza» iragarri zuen Adegi Gipuzkoako Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak. Otsailerako aurreratu zuen Gipuzkoako ekonomia %0,5 uzkurtuko zela, enpresen %5ek ateak itxi beharko zituztela eta 1.300 lanpostu galduko zirela. Baina ekonomiaren egoerak aurreikuspenik txarrenak gainditu ditu. Lehen hiruhilekoan izan den gainbeherak urte guztirako iragarritakoa gainditu du. Eta patronalak kontuak berriz atera ditu. Orain uste du Gipuzkoako ekonomiak %1etik gorako uzkurtzea izango duela eta 4.000 lanpostu galduko direla.

Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteak plazaratu zituen apirilean Gipuzkoako enpresetan egindako galdeketaren emaitzak eta aurtengo aurreikuspen berrituak, kargu horretan egin zuen azken agerraldian, gaurtik Pello Gibelaldek ordezkatuko baitu.

Agurrean, oso panorama beltza marraztu zuen Zubiaurrek, itxaropenari zirrikiturik utzi gabe, datuak lagun zituela. Gipuzkoako BPG barne produktu gordinak %0,4 egin du atzera lehen hiruhilekoan eta 2008an iritsitako maila gorenetik %4,7ra dago, 2006ko mailan. «Horrek esan nahi du herrialdeak bost urte egin duela atzera, pobretu egin dela».

Ondorioz, enpresaburuek ekonomiaren bilakaeran duten konfiantza nabarmen jaitsi da, eta oraingoz ez dute egoerak hobera egingo duen itxaropenik. Horrek enpleguan nabarmen eragin du. Hamar enpresatik batek lantalde handiegia duela uste du, eta haietatik %65ek murrizteko asmoa dutela. Hots, lau enpresatik batek langileak kaleratzeko asmoa du, urtarrilean baino gehiagok, orduan bostetik bat zelako. 2009ko abendutik daturik txarrena da.

Beste horrenbeste fakturazioari dagokionez ere. Lehen hiruhilekoan Gipuzkoako enpresek %2ko jaitsiera izan dute diru sarreretan; 2009ko irailetik jaitsierarik handiena. Eta salmentetan ere okerrera egin dute, enpresa txiki askoren merkatu nagusia —Espainia— atzeraldian delako. Handik kanpora saltzen duten enpresak, baina, askoz indartsuago dabiltza. Industriako jarduerak %4ko jaitsiera izan duen arren, %15etik gorako hazkundea izan dute esportazioek, eta Gipuzkoako enpresek %10,5 gehiago esportatu dute. Datu baikor bakarra.

Zubiaurrek nabarmendu zuen une honetan enpresen kezka nagusia Espainiako ekonomiaren ahulezia dela baina ordainketak atzeratzen dituzten bezeroek eta finantzaketa lortzeko dituzten zailtasunek ere hor jarraitzen dutela. Esan zuen lan karga baduten enpresa asko ixteko zorian daudela, finantzaketarik lortzen ez dutelako.

Proposamenak

Horiek horrela, aurtengoa «sakrifiziorako eta ahaleginak egiteko urtea» izango dela adierazi, eta krisiaren kontra herrialdeko akordio zabal bat egitea proposatu zuen Adegiko presidenteak, «gure herriaren etorkizuna jokoan dagoelako». Akordio horrek zein konpromiso jaso beharko lituzkeen ere aurreratu zuen: enpresak diru publikoarekin erreskatatzeko konpromisoa, jarduera ekonomikoa bultzatzekoa eta enpresen lehiakortasuna handituko lukeen zerga sistema bat egituratzekoa, besteren artean.

Patronalaren ustetan, lekuan lekuko langabezia tasaren arabera jaitsi beharko lirateke salneurriak eta soldatak. «Lehen, lehiakortasun arazoak interes tasak jaitsita gainditzen ziren; baina, euroarekin hori egin ezin denez, kanpoko eskariaz baliatzeko barne debaluazio bat antolatu behar genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.