Adegiren aurreikuspen okerrenak «gainditu egin ditu errealitateak»

Atzeraldia «gero eta sakonagoa» dela diote Gipuzkoako enpresariek, eta hazkundearen aldeko «itun handi bat» eskatu dute berriroLehiakor bihurtzearen «zama mingarria» denen artean «banatu» nahi dutela diote

Pello Gibelalde eta, haren atzean, Jose MIguel Aiertza Adegiko idazkari nagusia ,atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARP.
xabier martin
Donostia
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak amildegia erakutsi zuen atzo, eta hara ez erortzeko heldulekua ere zehaztu zuen. «Enpresa jarri behar dugu aberastasuna eta enplegua sortzeko estrategiaren erdian. Enpresak sortzen du enplegua, eta administrazioek enpresa sortzearen alde egin behar dute». Eguneroko gastuan izango lukeen eraginaren gainetik ere, diru publikoa enpresaren alde jartzea eskatu zuen Adegiko presidente Pello Gibelaldek, adibidez I+G+B eta nazioartekotzea sustatzeko. «Produktiboa ez den gastua murriztu behar da. Ez dago beste biderik».

Egoera ekonomiko beldurgarria marraztu zuen Gibelaldek, datuekin lagunduta; aurreikuspen okerrenak «gainditu egin ditu errealitateak». Industria jarduerak 1999ko mailaren pareraino egin du atzera, eta 2012rako 7.000 enplegu galduko dira Gipuzkoan. Abuztura arte, 500 enpresa galdu dira lurraldean, eta Adegiren kalkuluen arabera, %1,2 jaitsiko da aurten BPGa. «Gipuzkoako BPGak zazpi urte egin du atzera». «Pobreagoak gara», jarraitu zuen enpresaburuak, «2006ko mailara jaitsi baikara».

Orain baino lehen ere, enpleguaren eta hazkundearen aldeko itun handi bat eskatu du Adegik, enpresa, sindikatu eta administrazioaren parte hartzearekin, eta atzo «premiazkotzat» jo zuen itun hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat, «errealitate gordinari» aurre egin ahal izateko.

Gurasoen izpiritua

«Elkarren arteko konfiantza» sustatu behar dela uste du Gibelaldek. Esan zuen Danimarkatik ekarritako malgusegurtasunaren kontzeptua erantzuna izan daitekeela, «eredu propioa» sortuz. Langileei «ahalegin gogorra eta erantzukizuna» eskatu zizkien enpresaburuak. Trukean, «gardentasuna eta parte hartze zein komunikazio gehiago» eskaini zuen. Halaber, kontratazioak egiteko eta eteteko «erraztasunak» eskatu zizkien administrazioei—malgusegurtasunaren lehen zatia hor legoke—, baita «babes egokia» ere enplegurik gabe geratzen direnentzat — kontzeptuaren bigarren zatia—.

«Gure gurasoen ahalegina eta lanerako izpiritua» berreskuratu behar dela uste du Gibelaldek, «etikarekin eta erantzukizunez jokatuta». Munduan lehiatzeko zituen «abantailak» galdu ditu euskal enpresak, «soldatak asko igo direlako azken hamarkadan KPIra lotuta»; langileei «ahalegin gogorra» egitea dagokie orain. Lehiakortasuna irabazteko enpresariek martxan jarri nahi duten prozesuaren «zama mingarriak» banatu behar direla esan zuen, «denen artean»; prozesuak «bidezkoa» behar du. Itun handi batek emango luke horretarako modua, enpresariaren ustez.

Enpresak «itota» daude

Alternatibarik ez dela errepikatu zuen Adegiko buruak, eta apokalipsia hurbil duen egoera azaldu zuen berriro. «1929tik egokitu den krisi handiena da hau. Bost urte daramagu, eta soilik 2014rako aurreikusten da hazkunde ahula edo oso ahula». Gipuzkoako enpresak «itota» daude, «ez baitago finantzaketarik»; diru jarioa berriro martxan jartzeari «premiazkoa» iritzi dio Gibelaldek.

Kasik irteerarik ez duen korridorea erakutsi eta gero, argia badela eman zuen ulertzera Gibelaldek, mezu baikor batekin: «Sakrifizio eta ahalegin urteak datoz, ez gaitezen engaina, hori baita errealitate gordina; baina ez dugu amore emango». Gogorarazi zuen BPGren eta ekoizpenaren jaitsiera handienarekin ere Gipuzkoan Espainian baino langabezia tasa txikiagoa dagoela, baita esportaziorako BPGren zatia handitu dela ere; %30ean dago, «EBren batez bestetik gora». Zulotik ateratzeko «prest» da Adegi. «Denok lan gehiago eta hobea eginez aterako gara, eta berriro aberastasuna eta ongizatea sortuko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.