"Adegik ez du Gipuzkoako enpresarien osotasuna ordezkatzen, gutxiengo bat baizik". Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok erantzun argia eman dio gaur Radio Euskadin, atzo patronalak erakundearen aurka egindako erasoa dela eta. Diputazioa enpresariek "okerren" baloratzen zuten erakundea dela esan zuen Pello Gibelalde Adegiko presidenteak, eta Fortuna Handien zergaren harira, 49 enpresari lurraldetik joan izanaren ardura egotzi zion, ez ordea, bertara 61 etorri izanarena.
"Adegi ez da Diputazioaren aldetik modu onenean baloratutako elkartea", esan du Garitanok; "azken hiru urteotan hainbat alderdieren mesedetan erabiltzea onartu dute haren arduradunek". Adegiko buruen adierazpenetan, enpresariburuen elkartearen funtziotik harago aritu direla esan du ahaldun nagusiak. "Administrazioarekin elkar-lanean hiritar guztien alde aritu beharko luke Adegi".
Horiek horrela, Martin Garitanok uste du Adegi "oposizioaren eztena" dela foru gobernuaren aurka erabiltzeko. "Adegik oso helburu zehatzak dauzka kontuan, eta horiek ez datoz bat Gipuzkoako gehiengo sozialak nahi duenarekin". Patronala oposizioaren alde ari dela ohartzeko "ez da azeria izan behar tamalez". Foru gobernuak "sekula" ez duela izan enpresarien aurkako jarrera oldarkorrik gaineratu du; "baina egia da ikuspegi desberdinak ditugula politika fiskalari buruz, adibidez".
Jose Luis Bilbao eta paradisu fiskalak
Gipuzkoako ahaldun nagusia badoala ezaguna da, bestalde, eta Gipuzkoako osoko bilkuran egindako hitz saioan Jose Luis Bilbaori erreparatu dio, gipuzkoarrak lasai egon daitezkeela esanez, "nahiz eta memoriak idatzi, Gipuzkoan ustelen aurkako jazarpena etengabea delako". Bilbao ere badoa; ez da berriro hautagai izango, eta haren despididan hautsak harrotu dituzten hainbat esaldi bota zituen "paradisu fiskalak" eta "jatorri ezezaguneko billeteak" aipatuz.