Merkataritza

AEBek eta EBk akordio bat egin dute Airbus-Boeing auziari soluzioa emateko

Bruselak eta Washingtonek urrats handia egin dute muga zergen auzia konponbidean jartzeko

Ursula Von der Leyen, Bruselan, Kanadarekin elkartu ostean, gaur. OLIVIER HOSLET / EFE
xabier martin
2021eko ekainaren 15a
11:52
Entzun

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen goi bileran da Joe Biden AEBetako presidentearekin, eta batzar horretan gerta daitekeenaren inguruan "baikor" azaldu da Von der Leyen gaur goizean. Airbus eta Boeing hegazkin konpainien arteko auziari soluzio bat emateko aukera gertu dagoela kaleratu du nazioarteko prentsak azken orduetan, eta ituna badela iragarri dute dagoeneko AEBek, Katherine Tai merkataritzako arduradunaren bidez. Batzordeko iturriek ere berretsi diete akordio hori albiste agentziei; itxura batean, bost urterako bide orria jasotzen du itun horek. Hala, Donald Trumpek Europarekin hautsi zuen zubi komertziala eraikitzen hasi da Biden.

"Gure lagun estatubatuarrekin Airbus-Boeing norgehiagokan soluzio bat aurkitzearen inguruan baikor nago", esan du Von der Leyenek, Kanadako agintariekin izandako goi bileraren ondoren. Bidenekin elkartu aurretik esan ditu hitz horiek batzordeko presidenteak, eta hauspoa eman dio Trumpek eragindako gerra komertziala iragana izaten hasteko aukerari. Itun horrek bide orri bat jasoko du bost urterako, eta elkarri ezarritako muga zergak erretiratuz joango dira, biak epeka. Europar Kontseiluko presidente Charles Michel eta Von der Leyen bera elkartu dira dagoeneko Joe Bidenekin, Bruselan.

EBren inportazioak zergapetu zituzten AEBek 2020. urtean, 7.500 milioi dolarreko balioarekin ( 6.320 milioi euro), MME Merkataritzaren Mundu Erakundeak ebatzi zuelako Europak Airbusi estatu laguntzak eman zizkiola. Ordurako, ordea, Boeingen aurkako salaketa bera ikertzen ari zen MME, eta, azarorako, ordain bera eman zion Bruselak Washingtoni: 3.370 milioi eurorainoko tarifak ezartzeko baimena erabili zuen, MMEk frogatutzat eman zuelako AEBetako administrazioak legez kanpoko laguntzak eman zizkiola Boeing konpainiari. Aurtengo martxoan, baina, hala Washigntonek nola Bruselak lau hilabetez bertan behera utzi zituzten indarrean zeuden zerga berezien neurriak, eta negozioaziorako tartea zabaldu zuten urrats horren bidez. Negozioazioak fruituak eman ditu.

Bi urtez muga zergak iragartzen

Muga zergak ezartzeko iragarpenak etengabeak izan dira azken bi urteotan. Esaterako, iazko udan, beste 3.100 milioi dolarren inportaziori muga zergak ezartzeko erabakia bertan behera utzi zuen Trumpek, pandemiaren gordinean. Bruselak negoziaziorako gonbita gisa ikusi zuen. «EBk ontzat hartu du AEBek hegazkinen inguruko gatazka ez okertzeko hartutako erabakia», azaldu zuen batzordeak. «Bi aldeek baliatu beharko lukete merkataritzari buruzko eztabaidari irtenbide negoziatu bat aurkitzeko». Oraindik, ordea, urrun zegoen akordio bat. Gaur bertan, eta Bidenen gidaritzapean, AEBek ituna egiteko borondatea erakutsi dute, eta ordu gutxian akordioa modu ofizialean iragarri dute. Europak Biden Etxe Zurira iristean espero zuena, hein handi batean, betetzeko bidean da.

Atzo gauean, EBko 27 estatu kideetako enbaxadoreei helarazi zitzaien gaur plazaratuko den akordiorako oinarria. Airbus-Boeing auziak piztutako muga zergen gerra komertzialak bakerako bide luzea izango du, eta bide orri batek jasoko du zenbait urterako plana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.