Europak muga zergekin egin dio ongietorria Bideni, 'Boeing auziagatik'

Airbusi emandako estatu laguntzengatik Europako hainbat produktu zigortuta ditu Trumpek. Orain, beste hainbeste egingo du Batasunak

Boeing konpainiako hegazkin bat. VINCENT JANNINK / EFE.
xabier martin
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Donald Trumpek utzitako lorratz suntsitzailea dela eta, badu zer konpondu Etxe Zuriak hartuko duen maizter berriak, Joe Biden demokratak. Konponbidea lehenbailehen eskatzen ari den auzietako bat da Europarekin abiatutako gerra komertziala. Horrela gogorarazi dio Europako Batasunak Bideni, AEBetako hainbat produkturen aurkako muga zergak ipiniko dituela berretsita.

Trumpek bazekien MME Munduko Merkataritza Erakundea AEBetako Boeing estatubatuarrari emandako estatu laguntzak ikertzen ari zela, eta ebazpena aurten iritsiko zela ere bai, baina aldagai horri ez zion jaramonik egin Europako Batasuneko hainbat produkturen aurkako tarifa bereziak finkatu zituenean, orain urtebete. 6.320 milioi euro balio dute, eta tartean euskal ardoa eta olioa daude. Hain zuzen, Europako herrialde batzuek Airbus konpainiari legez kanpoko laguntzak eman zizkiotelako hartu zuen erabakia hauteskundeak galdu berri dituen agintariak. MMEk ebatzi zuen laguntza horiek ez zirela legezkoak, baina ordurako ari zen ikertzen Boeing arrazoi berarengatik.

Bada, Bidenen garaipena eta Europako Batzordearen erabakia batera iritsi dira, Bruselak atzo iragarri baitzuen muga zergak jarriko dizkiela AEBetako produktu batzuei, MMEk frogatutzat eman baitu AEBetako administrazioak legez kanpoko laguntzak eman zizkiola Boeing hegazkin konpainiari. Zehazki, 3.370 milioi eurorainoko tarifak ezartzeko baimena dauka Batasunak. Tarifa horiek hegazkinei eragingo die, batetik, baina baita txokolateari, alkoholdun edari batzuei, laranja zukuari, bideokontsolei eta traktore eta beste zama makina batzuei ere.

Akordiorako borondatez

Bruselaren helburua ez da, ordea, Trumpek egindako txikizioaren parekorik abiatzea, hark indarrean jarritako tarifa bereziak Bidenek baliogabetzea baizik. Valeris Dombrovskis EBko lehendakariordeak ez du zehaztu AEBetako zer inportazio zergapetuko dituen, ezta noiz ezarriko dituzten ere. Baina gatazka ixteko borondatea erakutsi du: «Edonoizmuga zergak kentzeko prest gaude, baldin eta AEBek berdin egiten badute».

EBko Ekonomia ministroek bilera telematikoa egin zuten atzo irizpide batzuk adosteko AEBekin izango dituzten harreman komertzialak direla eta. Bruselak onartu du Joe Bidenen trantsiziorako taldearekin harreman batzuk eduki dituela, eta merkataritza izan dela horien hizpidea; edonola ere, estatu kideek muga zerga berrien tramitazioari bedeinkapena emateko bilera izan zen atzokoa.

Ikusteko baitago Trumpek hain ezagun egindako America first filosofiatik asko urruntzeko asmorik ote duen Bidenek. Bruselak itxaropen handia dauka aldebakarreko erabakien amaiera posible batekin. Badaki Bidenen garaipena tarifa berriekin agurtzeak gaizki ulertuak ere sor ditzakeela, baina Europako Batzordeak oso argi dauka zein duen bere bide orria Trumpen muga zergak indarrean dauden bitartean. Edonola ere, alde biek dakite Airbus-Boeing gatazka komertziala konpondu behar dela lehenbailehen, Atlantikoaren bi aldeetako potentzien arteko harreman komertzialak hobera egingo badu.

Europako produktuen aurka indarrean dauden muga zergek bereziki jotzen dute Alemania, eta Europako estatu kideen artean Berlinek du interesik handiena, hain zuzen, bake komertziala bultzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.