AEBek eta Txinak merkataritza hitzarmena izenpetu dute

Akordio horren arabera, Txinak lur arraroak emango dizkie AEBei, eta Trumpen gobernuak bertan behera utziko ditu Asiako erraldoiaren produktuei ezarritako muga zerga bereziak.

AEBetako eta Txinako ordezkariak, elkarrekin. BERRIA
AEBetako eta Txinako ordezkariak. BERRIA
14789412 kepa
2025eko ekainaren 27a
09:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Txinaren eta AEBen arteko muga zergen gatazka konpontzeko bidean dagoela ematen du: Donald Trump Mendebaldeko superpotentziako presidenteak atzo iragarri zuen Txinarekin merkataritza hitzarmen bat adostu duela. Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariak zehaztutakoaren arabera, «duela egun batzuk» izenpetu zuten akordioa bi herrialdeetako ordezkariek: «Lur arraroak emango dizkigute, eta, behin hori eginda, muga zergak bertan behera utziko ditugu». Asiako erraldoiaren gobernuak gaur baieztatu du Trumpek atzo zabaldutakoa: Pekingo agintariek «kontrolatutako produktuez» hitz egin dute, antza denez lur arraroak aipatzeko.

Bloomberg berri agentziari emandako elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek Lutnickek. Duela hilabete bat adostu zuten Genevan (Suitza) kontsulta prozesu bati ekitea, Trumpek ezarritako muga zergen gatazkari irtenbidea emateko asmoz. Horren ostean, «Txinak konpromisoa hartu du AEBei lur arraroak emateko», eta, behin hori egin eta gero, Washingtoneko agintariek bertan behera utziko dituzte muga zergak.

Txinako Merkataritza Ministerioak zabaldutakoaren arabera, Londresen (Erresuma Batua) egin zituzten bi herrialdeen arteko negoziazioak, eta akordioaren xehetasunak duela gutxi finkatu dituzte: hitzarmenean jasotzen denez, «Txinak berrikusi eta onartuko ditu legearen arabera baldintzak betetzen dituzten ondasun kontrolatuen esportazio eskaerak». Horren truke, «AEBek bertan behera utziko dituzte Txinaren aurka hartutako neurri murriztaileak». Hala ere, Pekinek ez du besterik zehaztu.

Trump presidenteak Asiako herrialdeari muga zergak %145eraino igo zizkionean jo zuen goia Txinaren eta AEBen arteko tentsioak. Horri erantzunez, Txinak %125era igo zituen AEBetako produktuen gaineko muga zergak, atzera egiteko asmorik gabe.

Indiarekin agian

Beste hamar bazkide komertzialekin akordioak lortzea gertu dutela iragarri du Lutnickek elkarrizketan. Hala ere, ez du zehaztu herrialde horiek zeintzuk izango diren. Trumpek, ordea, atzo iradoki zuen horietako bat zein izan daitekeen, Etxe Zurian egindako ekitaldi batean. AEBetako presidenteak esan zuenez, beste gobernu batzuen «eskaintza handiak izan dituzte: «Hitzarmen bat bidean dugu, Indiarekin agian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.