Ekonomia

AEBek ezarritako bideari heldu eta finantza erreformari ekiteko proposatu dio Obamak G20ri

Munduko hogei ekonomia indartsuenetako ordezkariak batzarra egiten ari dira Toronton (Kanada). Finantz sistemaren erreforman jarri dute azpimarra AEBek. Alemaniak eta Erresuma Batuak, berriz, defizit publikoa murriztea proposatuko dute krisia gainditzeko bide gisa.

2010eko ekainaren 26a
18:49
Entzun
Herenegun AEBetako finantza sistema erreformatzeko akordio historikoa lortuta iritsi da Barack Obama Torontora, G20ko taldearen bilerara. Funtsean, bankuak eta beste finantza erakundeak zorrotzago kontrolatzeko eta herritarrak babesteko proposamen bateratua hitzartu dute AEBetako Kongresuan.

Eta ildo hori hartzea egungo krisialditik ateratzeko ezinbestekoa dela iritzita, mezu horixe zabaldu du Obamak bart goizaldean G20koen batzarrean egin duen lehen agerraldian: finantza sistemak erreforma ditzatela eskatu die beste herrialdeetako ordezkariei.

Badira, ordea, beste lehentasun batzuk adierazi dituztenak. Esate baterako, Angela Merkel Alemaniako kantzelariak eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak agertu dute krisia gainditzeko lehendabiziko neurria defizit publikoa murriztea dela. Bi herrialde horiek bide hori hartu dute azken asteetan.

Japonia eta Kanada ere ez daude ados bankue ta finantza erakundeei baldintzak zorrozteko proposamenarekin. Izan ere, egungo egoeraren iturburu izan zen finantza krisian bi estatu horietako bankuek beste herrialdeetakoek baino jokabide zuzenagoak izan zituzten eta ez zuten finantza arazorik sortu. Kontrol neurrien orokortzeak banku guztiak zigortuko lituzkeela uste dute Japoniak eta Kanadak, eta krisiaren sorburuan errurik izan ez duten beren bankuetzat hori bidegabea litzatekeela.

Bihar arte egongo dira Toronton batzartuta G20ko angitariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.