AEBetako Dresser-Rand enpresak Guascor erosiko du 500 milioi euroren truke

Akordioa Euskal Herriarentzat «aberasgarria» izango dela defendatu du enpresako presidenteak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Guascor taldea erosiko duela iragarri du AEBetako Dresser-Rand konpainiak. Bi enpresek lortu duten akordioaren arabera, Dresser-Randek 500 milioi euroren truke erosiko du Guascor, dirutan eta akziotan. Operazioak lehiaren defentsarako organoen oniritzia behar du, baina uda baino lehen bururaino eramatea espero dute. Datorren astelehenean nondik norako guztiak azaltzeko agerraldia egingo du AEBetako enpresak.

1966. urtean martxan jarri zuten Guascor, Zumaian, eta diesel motorrak egiten zituen, batez ere ontzietarako. 1994. urtean Joseba Grajales buru zuen euskal enpresaburu talde batek erosi zuen, eta bulegoak Arkautin (Araba) paratu zituzten, Gasteiz hiriburutik gertu. Harrezkero hedapen oso adierazgarria izan du Guascorrek nazioartean, energia berriztagarrien eskutik, batik bat. Eolikoarentzat, eguzki energiarentzat, hidraulika txikientzat eta bioenergia produktuak ekoizten ditu.

Gaur egun, 40 herrialdetan negozioak ditu, eta 1.300 langile inguru. Iaz 311 milioi euro fakturatu zituen. Erosteko akordioaren barruan, orain Guascorrek duen zor garbia —125 milioi euro— bere egingo du AEBetako konpainiak.

Euskal Herrian eragina «berehala» izango du erosketak, Joseba Grajales Guascorreko presidentearen arabera. Langileei ituna azaltzeko gutun bat eskegi zuen taldearen web orrialdean. «Gaindiezina den proiektu bat egin liteke, aberastasuna ekarriko duena osatzen dugun pertsonoi eta bizi garen tokiei». Ingurumen eta energia berrien ataleko bikaintasun zentroa izango da Guascor. Grajales bera Dresser-Randeko administrazio kontseiluan eseriko da. Guascorren eguneroko jarduera gidatzeaz Jon Azua presidenteorde exekutiboa arduratuko da, orain arte bezala.

Arabako ahalduna, pozik

Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak ontzat jo zuen Guascor eta Dresser-Rand lotuko dituen ekimenak. Agirreren ustez, akordioak jarduera sustatuko du, eta aberasgarria izango da Araba eta Euskal Herriarentzat.

Dresser-Rand 2004. urtean sortu zuten, baina ehun urte baino gehiago zituzten enpresetan oinarritzen da. Egoitzak Houstonen (AEB) eta Parisen (Frantzia) ditu. Petrolio, gas eta kimika sektoreentzako ekipoak egiten ditu, 39 herrialdetan zerbitzu zentroak ditu, eta 7.300 langile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.