Atlantikoaren alde honetatik inbidiaz begiratu zaie azken bizpahiru urteetan AEBetako ekonomiaren datuei. Arazoak arazo, hazkunde sendoa erakutsi du hango ekonomiak, eta langabezia tasa erdira jaitsi da 2010etik, %5,5era arte. Urte hasieran, ordea, hazkundea seko geratu egin da AEBetan. Eguraldi kaskarrak moteldutako kontsumoari, petrolio konpainien inbertsioen jaitsierari eta mendebaldeko kostaldeko portuetako grebari bota dio errua AEBetako Gobernuak, eta dagoeneko hazkunde erritmoa berreskuratu duela ziurtatu du.
AEBetako Merkataritza Departamenduak emandako datuen arabera, urteko lehen hiruhilekoan %0,2 hazi da BPG barne produktu gordina. Urte arteko tasa da hori, hiruhileko bateko hazkundea urte osorako proiektatutakoa. Hots, Europan erabiltzen diren parametroetan, hazkundea %0,05 inguru izan dela. Praktikoki ezer ez.
Datu horrek talka egin du2014ko bigarren erdiko zenbaki osasuntsuekin: %5 hirugarren hiruhilekoan, eta %2,2 laugarrenean. Berez, analistek espero zuten moteltze bat, baina ez hainbestekoa; Reutersek galdekatutako adituek %1 inguru iragarri zuten.
Behin-behineko faktoreek eragin handia izan dute. Negua azkenaldiko gogorrenetakoa izan da, ipar ekialde jendetsuan batez ere. Elurte historikoen ondorioz, kontsumitzaile asko etxean geratu dira, eta ekonomiaren sektore garrantzitsu horren hazkunde erritmoa %4,4tik %1,9ra moteldu da. AEBetako BPGaren bi heren dakar kontsumoak.
Europako herrialde gehienetan ez bezala, AEBetan aho biko ezpata da petrolio merkea: herritarren erosteko ahalmena handitu du, baina petrolio konpainia asko inbertsioak jaistera bultzatu ditu, fracking bidez ustiatzen diren putzuetan batez ere.
Hazkundea moteldu duen hirugarren faktore bat mendebaldeko 29 portuetako langileek egindako lan uzteak dira. Lan gatazka hori jada amaitu da.
Arrazoi horiek aldi baterakoak direla ziurtatu zuen atzo Erreserba Federalak bere hileroko bileraren bukaeran, eta ekonomia «erritmo moderatuan» haziko dela. Hala ere, baliteke datuak Fed-en diru politikan eragina izatea. Interes tasa ezohikoek (%0)beren lana egin dutela iritzita, 2006tik lehen aldiz diruaren prezioa igotzen hasteko ordua dela uste du banku zentralak. Mugimendu horrek mundu osoan izan dezake eragina, diru fluxuak batetik bestera joatea ekar dezakeelako. Hasieran ekainerako espero zen igoera —Fed-en atzoko agiriak ez du hori baztertzen—, baina orain uste zabalduena da irailera arte ez dela erabakirik izango.
AEBetako ekonomia seko geratu da urte hasieran

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu