Banku zentralek serio hartu dute koronabirusak munduko ekonomiari egin diezaioketen kaltea. AEBetako Erreserba Federala izan da lehena zerbait egiten. Ezohiko bilera egin du gaur, eta interes tasak puntu erdia jaistea erabaki du, %1-1,25era. AEBetako ekonomiaren sustraiak «sendoak» iruditu arren, COVID-2019ak jarduera ekonomikoa eten dezakeela onartu du Fed-ek. Diruaren prezioa merkatuta, maileguen fluxua ez agortzea nahi du.
Europako Banku Zentralak bilera du datorren astean, eta ikusteko dago zer egingo duen, interes tasak %0an baititu jada.
2019an hiru aldiz jaitsi zituen interes tasak Jerome Powell Fed-eko buruak, hazkundearen motelaldia konpentsatzeko. Aurten ez zuen bide horri jarraitzeko asmorik, besteak beste, hauteskunde urtea delako AEBetan. Donald Trump presidenteak presio handia egin dio Powelli interes tasak jaisteko.
Atzo, OCDEk iragarri zuen koronabirusak gutxienez puntu bat kenduko ziola hazkunde globalari, eta ez zuen baztertu lehen hiruhilekoan atzeraldia eragitea.