Koronabirusa. Eragina ekonomian

OCDE beldur da munduko ekonomia ez ote den haziko uste zuenaren erdia

Koronabirusarengatik, OCDEk %2,4ra jaitsi du 2020rako egindako hazkunde aurreikuspena. Ez du baztertu lehen hiruhilekoan munduko BPGak atzera egitea

Koronabirusari buruzko bideo bat, Kantongo (Txina) publizitate pantaila batean. ALEX PLAVEVSKI / EFE.
Irune Lasa.
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Koronabirusa: Munduko ekonomia arriskuan. Txostenaren izenburuarekin ere mezu argia eman nahi izan du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak, arazoaren neurriaren erakusle. 2020rako ekonomiaren bilakaeraz azaroan egindako aurreikuspenetan, erakundeak %2,9ko hazkundea iragarri zuen munduko barne produktu gordinarentzat. Baina koronabirusak gauzak aldatuko ditu. Zenbateraino? Hori aztertzen saiatu da herrialde industrializatuenak biltzen dituen erakundea, bere iragarpenen berrikusketa egiterakoan. Atzo aurkeztu zuen berrikusketa hori.

Oraingoz, OCDEk uste du birusaren eraginez 2020an gutxiago haziko dela munduko ekonomia, %2,4 eskas. Lehen hiruhilekoan, gainera, posible da barne produktu gordinak atzera egitera munduan. Hori, epidemiak hiruhileko honetan jotzen badu goia Txinan, eta handik at koronabirusaren zabalkundea apala eta kontrolatua baldin bada.

Agertoki horretan, Txinako barne produktu gordinaren hazkundea %5etik azpira jaitsiko da, eta 2021ean herrialdea %6tik gorako hazkundeetara itzuliko litzateke. Eta, gero, Txinarekin lotuen dauden herrialdeentzat lirateke gauzak okerrenak, hala nola Japoniarentzat, Hego Korearentzat, Australiarentzat eta Indonesiarentzat. Euroguneak, berriz, batez ere urtearen hasieran igarriko lioke ahulaldiari, eta urtea %1eko hazkundearekin bukatuko luke.

Okerrenean

Baina, agertoki okerrago batean, ekonomiak kalte are handiagoa nozitu dezake, OCDEren arabera. Epidemiak luze eta gogor jotzen badu, «Asia-Pazifiko eremuan, Europan eta Ipar Amerikan zabal hedatzen bada», iragarpenaknabarmen ahul daitezke: koronabirusaren erruz, munduko ekonomiaren hazkundea erdira, %1,5era, murriztu daiteke 2020an. Hainbat ekonomia, tartean eurogunea eta Japonia, atzeraldian sar daitezke. Eremu horiek, gainera, ez dute baliabide askorik interes tasekin eskaria bultzatzeko.

OCDEren ustez, kasu okerrago horretan, toki guztietan ez lirateke izango Txinan ikusitakoen mailako mugimendu murrizketak, baina, hala ere, konfiantzak kolpe handia jasango luke, ziurgabetasuna asko haziko litzateke, eta bidaien, salerosketeneta jende asko biltzen duten ekitaldien kopurua nabarmen jaitsiko litzateke. Horiek guztiek gastua murriztuko lukete, eta, ondorioz, prezioak beherantz bultzatu.

OCDEk dei zuzena egin die gobernuei, koronabirusari berari eta haren ondorio ekonomikoei aurre egin diezaieten. Erakundearen aburuz, gobernuek ziurtatu behar dute osasuneko eta babes sozialeko beren sistemek lan egiteko behar besteko baliabideak dituztela.

Agertokirik okerrena gauzatzen bada, eta ekonomiaren ahuleziak luze jotzen badu, ezinbestekotzat jo ditu ekintza multilateral koordinatuak.

Kasu horretan, OCDEren ustez, gastu publikoa areagotzea izan daiteke modurik eraginkorrena konfiantza eta sarrerak berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.