Utzitakoa bueltatu behar izaten da, eta AEBetako hainbat banku dagoeneko hasi dira Gobernuak utzitako mailegua bueltatzeko tramiteen eskaerak egiten. Erreserba Federalak onartu behar ditu bankuek eginiko eskaerak, baina oraindik ez dira ezagutzera eman zeintzuk diren banku horiek.
Hala eta guztiz ere, hainbat ekonomia egunkariren arabera, Goldman Sachs, JPMorgan eta American Express izan daitezke dirua bueltatuko duten lehenengoak. Izan ere, hilabete hasieran Gobernuak herrialdeko bankuen egoera aztertu ondoren, hiru horiek egoerarik onenean zeudela ondorioztatu zuen. Alegia, aurreikuspen okerrenetan ere irauteko kapitala sobera zuten taldean sartu zituen hirurek.
Egoera onean egonda, lehenengoak izan nahi dute zorra kitatzen. Horrek AEBetako agintariek ezarritako kontrol zorrotzetik libratzea ekarriko lieke. Tartean, zuzendarien soldatei eta bonus-ei dagozkien murrizketak ere saihestuko lituzkete. Laguntzen truke Gobernuak agindutako kontratazio kopurua ere ez lukete bete beharrik izango.
Gainera, arazo gehiago dituzten Citigroup edo Bank of America baino indartsuago daudela erakutsiko luke dirua lehenbailehen itzultzeak. Hain zuzen, Gobernuak azterketa egin ondoren, kapitala handitzera behartu zituen bi bankuok, ez baitzituen zailtasunei aurre egiteko nahiko kapitalekin ikusten.
Abantaila horiek ikusita, Morgan Stanleyk ere lehenbailehen kitatu nahi du zorra. Horretarako, kapitala eta zorra handitu ditu. Hain zuzen, herenegun MSCIn geratzen zaizkion akzioak salduko zituela iragarri zuen. Hori salduz gero, 600 milioi dolar poltsikoratuko lituzke.
Banku horietako bakoitzak Gobernuak behea ez jotzeko zuzendu zuen 700.000 milioi dolarreko funtsetik zati bat jaso zuten. Goldman Sachek eta Morgan Stanley k10.000 milioi dolar jaso zuten; JPMorganek 25.000 milioi dolar, eta American Expressek, berriz, 3.400 milioi dolar.
Finantza krisi horretan zerikusi handia izan zuen etxebizitzen sektoreak. Atzo, hain zuzen, AEBtako Merkataritza sailak etxebizitzen eraikuntzak nabarmen egin duela behera jakinarazi zuen,eta aurreikusi baino gehiago,gainera,: %12,3 apirilean. Halakorik ez da ikusi 1959an datuak biltzen hasi zirenetik.
Erosle bila Erresuma Batua
AEBetako hainbat bankuk hartu duten jarrera aldeko hori ere bereganatu du Erresuma Batuak. Hala, bankuak zati batean nazionalizatu ostean, estatuak banku horietan duen parte-hartzea erosiko dutenak bilatzen hasi dela zabaldu du Finantial Times-ek. UK Financial Investmentsek kudeatzen du estatuaren parte-hartzea Lloyds (43,5%) eta Royal Bank of Scotlanden (%70), eta urtebete baino lehen zatiak saltzen has daitekeela esan du egunkariak.
AEBetako hainbat banku Gobernuak utzitako dirua bueltatzeko prest daude
Goldman Sachs, JP Morgan eta American Express daude dirua bueltatzeko egoera onenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu