Neurri horren bitartez, EBk erantzun nahi die Washingtonek bere enpresa esportatzaileen mozkinei ematen dizkien %15 eta %30 arteko zerga kenkariei. Besteak beste, Microsoft eta Boeing erraldoiek baliatzen dituzte zerga kenkari horiek, baina azken konpainia horri ez dio kalte egingo EBren zigor neurria, inportatzaile europarrek hala galdegin baitute.Zigor-isunek Munduko Merkataritza Erakundearen baimena dute. Iazko maiatzean ebatzi zuen MMEk AEBen esportaziorako laguntza horiek (FSC edo Atzerriko Salmenten Konpainiak) merkataritza askearen aurkakoak zirela, eta 4.000 milioi dolar arteko zigorrak ezartzeko eskubidea eman zion Europako Batasunari.
Bruselak ez du gogorregi jokatu nahi izan
Bruselak, ordea, oso zuhur jokatu du auzi horretan, berriro AEBekin beste merkataritza gerra ireki nahi ez zuela argudiatuta. Horrela, atzora arteko epea eman zion AEBetako Kongresuari FSCak bertan behera uzteko. Orain, Washingtonek ezer egin ez duela ikusita muga-zergak igo ditu.
«Pazientzia handia izan dugu, baina jadanik ez dago isunak eragozteko modurik; espero dugu [isunen bidez] legedia aldatzeko premiaz ohartuko direla», adierazi zuen atzo Pascal Lamy Europako Batzordeko Lehiarako komisarioak. Bruselak garbi utzi du isunak automatikoki kenduko dituela FSCak indargabetzen diren «egunean». Giroa ez gaiztotzearren, EBk erabaki du MMEk baimendutakoa baino askoz apalago jokatzea. Horrela, aurten 315 milioi dolarreko isunak ezarriko ditu eta datorren urtean beste 600 milioi gehienez.Gainera, zigorrak gutxinaka igoko ditu EBk. Atzoz geroztik, %5 handitu ditu zigortutako produktuen gaineko arantzelak, eta hilero beste %1 emendatuko ditu. Era horretara, AEBetako enpresek 16,6 milioi dolar gehiago pagatu beharko dituzte martxoan; neurriak indarrean jarraituz gero, abendurako 46,4 milioi dolarreko isuna ordainduko dute. Arantzelak martxora arte handituko dira ordurako %17 izango da eta 2005. urte osoa iraungo dute. Bi hilabete barru Europako Batasunean sartuko diren herrialdeek ere ezarri beharko dutela zehaztu zuen Lamyren eledun Arantxa Gonzalezek.EBk berak onartu duenez, AEBetako Kongresuak «aurrerapausoak» eman ditu FSCak alboratzeko. Esaterako, Senatua eta Ordezkarien Ganbera proposamen bana aztertzen ari dira ildo horretan. Ziur aski, aldaketak luze joko du, konpainia handien interesak jokoan baitaude eta guztira 5.000 milioi dolarreko zerga kenkariak berraztertu behar direlako. George Bushen Gobernuak presio egin die legegileei araua bertan behera utz dezaten. Kongresukideek, ostera, ez dute beren barrutietako enpresei min egingo lieken erabakirik hartu nahi.
Dolar ahulak kaltea arinduko du
Nolanahi ere, ikusteko dago isunek zer nolako kaltea egingo dien AEBetako enpresei. Izan ere, azkenaldian izandako gorakadak (%18 iazko martxotik eta %51 2001eko urritik) estali egin dezake arantzelen eragina. Bestetik, Europaren inportazioei ere kalte egin diezaieke, beste hornitzaile batzuk bilatu beharko dituelako.
-
Merkataritza gerrak
AEB-EK EB-REN KONTRA
Platanoak: 1999tik 2001era bitartean, urtero 120.000 milioi dolarreko isunak ezarri zizkien Washingtonek Europako Batasuneko produktuei, bere banana esportazioei jarritako muga batzuk salatzeko.
Hormonak: 1999an indarrean jarri ziren mugasari batzuen bidez, AEBek urtero 116 milioi dolarreko isunak jarri dizkie EBko produktuei, Bruselak debekatu egin baitzuen hormonaz gizendutako behikiaren inportazioa.
EB-k AEB-en kontra
Altzairua: Iazko abenduaren hasieran, George Bushek bertan behera utzi zuen urte eta erdi aurretik altzairuzko hainbat produkturen gainean ezarri zituen inportazio mugasaria.Erabaki horrekin eragotzi zuen EBk jadanik prest zituen zigor neurriak hartzea. Bruselak arreta handiz aukeratu zituen zigortu beharreko produktuak zitrikoak esaterako, AEBetako hauteskundeetan Bushen garaipenerako giltzarri diren estatuei bereziki kalte egiteko.
1916ko legea: Munduko Merkataritza Erakundeak baimena eman zion joan den astean EBri AEBak zigortzeko, baldin eta Washingtonek ez badu bertan behera uzten atzerriko lehiakideen aurkako salaketak jartzeko eskubidea ematen duen 1916. urteko legea. Abenduan, Japoniako esportatzaile bati 31,5 milioi dolarreko isuna ezarri zion AEBetako auzitegi batek, «merke» saltzeagatik.