AENAn onartu den dosierrak Foronda desagerraraziko duela ohartarazi du LABek

Jaurlaritza berriari eta EAJri eskatu die hitzak utzi eta ekiteko aireportu publikoen alde

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
LABek ez du inolako zalantzarik: AENAk sindikatuekin hitzartu duen erregulazioak Forondako aireportua behin betiko desagertzea eragingo du, eta Hondarribiko eta Noaingo aireportuen geroa kinka larrian utziko du. Hori dela eta, administrazioak eta alderdi politikoak aireportu publikoen alde esku hartzera deitu ditusindikatuak, bereziki EAJ eta aurki osatuko den Jaurlaritza berria.

Orain bi aste, CCOO, UGT eta LSB sindikatuek 1.600 lanpostu galtzea eragingo duen erregulazioaren baldintzak hitzartu zituzten AENA aireportuak kudeatzen dituen enpresa publikoarekin. Horren arabera, 1.600 langilek utziko dute konpainia, erretiro aurreratuen eta diruz lagundutako kaleratzeen bidez. Hego Euskal Herrian 131 lanpostu galduko dira, gaur egun daudenen heren bat inguru.

Forondak du etorkizunik ilunena. Dosierraren arabera, Arabako aireportuan 120 langiletik94 kaleratuko dituzte: %78. Azpiegituraren ordutegia erdira jaitsi ondoren, erabakiak Foronda gerorik gabe utziko duela uste du LABek. «Etorkizunean aireportua behin betiko ixtea eragingo luke, eta geratuko diren AENAren lanpostu zuzenak eta zeharkako beste 700 arriskuan jarriko lituzke», Dabid Rasines sindikatuko garraio sektorerako arduradunaren hitzetan. Kaleratze guztiak abendua eta urtarrila bitartean egin nahi ditu enpresak.

Espainiako Gobernuaren azken helburua «aireportu guztiak erabat pribatizatzea» dela azpimarratu du LABek, eta kargu hartu die Madrilen erregulazioa «ezkutuan eta langileei bizkarra emanez» sinatu duten sindikatuei. «Ez dugu ulertzen zergatik CCOOk, UGTk eta LSBk hasieratik alde batera utzi duten gatazkaren aukera, aireportu guztietan lanuztera deitzea barne», Rasinesen irudiko. Mobilizazio nagusiak Hego Euskal Herriko aireportuetan bultzatu dituzte, gainera.

Euskal administrazioei eta alderdi politikoei esku hartzeko eskatu die LABek, aireportuen pribatizazioa eragozteko. Batez ere, EAJri. «Hauteskunde kanpainan, sarritan esan dute prest daudela aireportu publikoen alde egiteko. Orain, hitzak utzi eta ekiteko eskatzen diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE