2008ko udan hasi zen Espainiako Gobernua aireportuen eredua aldatu nahi zuela esanez. Iazko abenduan eman zuen lehen pausoa, krisiari aurre egiteko neurrien artean AENAren zati bat pribatizatuko zuela esan zuenean. Atzo, finkatu egin zuen asmo hori. Izan ere, Ministroen Kontseiluak baimena eman zion Sustapen Ministerioari AENA Aeropuertos estatu sozietatea sortzeko. Haren %49 pribatizatuta, 9.000 milioi euro lortu nahi ditu.
Bi zatitan banatuko da AENA: alde batetik, aire nabigazioa, eta bestetik, aireportu zerbitzuak.Lehenak estatuaren esku jarraituko du, orain arte bezala. Aireportu zerbitzuak,berriz, AENA Aeropuertosek kudeatuko ditu. Hasiera batean, AENArena izango da haren kapital osoa, baina saltzeko aukera izango du. Gehienez ere kapilaren %49 utziko du esku pribatuetan, erabaki ahalmena izaten jarraitu ahal izateko. Sozietate berria ondasunak, kontratuak, betebeharrak eta gainerako puntuak zehaztu ostean hasiko da funtzionatzen. Baliteke %49ko zatia dena batera saldu beharrean pixkanaka egitea ere.
Gobernuak aireportuak banaka ustiatzeko aukera ere zabaldu du, tartean Madrilgo Barajas eta Bartzelonako El Prat. Enpresek martxoaren 17ra arteko epea izango dute eskaintzak egiteko. Ferrovialek, ACSk, Indrak, FCCk, Saercok eta Gesnaerrek erakutsi dute dagoeneko interesa. Gobernuaren arabera, AENAren %49k 8.906 milioi euroko merkatu balioa du. Kopurua 2.707 milioira murrizten da zorra kontuan hartuz gero.
Langileak, haserre
Aireportuetako langileak eta kontsumitzaileak ez daude ados erabakiarekin. UGT, CCOO eta USO sindikatuek manifestazioa antolatu dute gaurko Madrilen. Kontrolatzaileak kontuan hartu gabe, 12.500 langile ordezkatzen dituzte. Facua kontsumitzaile elkartearen arabera, AENAren kudeaketa txarra konpontzeko bidea ez da erakundea esku pribatuetara pasatzea. «Frogatuta dago sistema pribatuak ez dituela emaitza onak ekartzen kontsumitzaileentzat», esan du.
AENAren %49 pribatizatzeko lehen pausoa eman du Espainiak
AENA Aeropuertos estatu sozietatea sortzeko baimena eman dio gobernuak Sustapen Ministerioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu