Berantevillako Aernnova Aeroestructurasek baditu baditu langileak gaixo baimena hartua dutenak COVID-19ak kutsatu dituelako; gainera, susmoa dute berrogeialdian dauden langile batzuk ere kutsatuta daudela. Hala jakinarazi du Aernnovako langile batzordeak, eta, horrekin batera, jakinarazi du greba mugagabera deituko duela harik eta zuzendaritzak jarduera etetea erabakitzen duen arte.
«Lantegia itxita egon da joan den asteartetik, egun horretan langileen protestek enpresa ixtera behartu baitzuten», esplikatu dute langileen ordezkariek; «atzo, asteazkenarekin, Arabako gizartean oro har eta lantegian bereziki datuak gero eta kezkagarriagoak izan arren, jarduerari berrekin zioten hemen ezer gertatuko ez balitz bezala».
Arrisku handiagoa
Langile batzordeak dio garraio kolektiboaz arduratzen den enpresak aldi baterako enplegu erregulazio bat iragarri duela. Gertaera horrek, ibilgailua partekatzeko debekuarekin batera, orain baino askoz kilometro gehiago egitera behartuko ditu langileak. «Hau da, pandemiari eta ospitaleak neurriz gain bete izanari aurre egiteko, arriskuak mugatu beharrean, Aernnovak arrisku handiagoan jarriko ditu langileak bere lehentasunari eusteko: negozioari».
Halaber, batzordeak uste du garrantzitsua dela gogoratzea zein den egoera honetan administrazioen rola. Berrogeialdia amaitzeko etengabe egiten dituzten adierazpenek helburu bakarra dute: neurri horiek ekonomiaren aurkaritzat jotzea. Eta galera ekonomikoak, egon egongo dira. Baina handiagoak izango dira hau modu azkarrean eta eraginkorrean gainditzen ez badakigu».
Arrazoi horiengatik, eta langileak babestuko dituen berrogeialdi produktiboa adosteko ezintasuna ikusirik, greba mugagaberako deia egin beharrean daude, zeina datorren asteartetik aurrera jarriko den martxan.