Afrikako gobernuak, zorrak itota

Etiopia da bankarrota deklaratu duen hirugarren herrialdea. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, 22 herrialde daude zorra ordaindu ezinda.

ETIOPIA
Munduko Elikadura Programak Adis Abeban duen egoitza. STR / EFE
jokin sagarzazu
2023ko abenduaren 26a
15:45
Entzun

Pandemia izan zen lehen kolpea; gero, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoak. Arnasarik gabe geratzen ari dira Saharaz hegoaldeko herrialdeak. Astearte honetan, Etiopia batu da bankarrota deklaratu dutenen zerrendara. Abenduaren 11n amaitzen zen bere zorraren zati bat kanpoko hartzekodunei ordaintzeko epea, baina, teknikoki, astearte honetara arte pagatu ahal zuen. Eta ez du hala egin.

Etiopia Afrikako herrialderik populatuenetan bigarrena da, eta 28.000 milioi euro inguruko zorra du, bere barne produktu gordinaren %54. Ez da zor handiena duen Afrikako herrialdea. Eta mendebaldeko hainbat herrialdek ere hortik gorakoak dituzte —Espainiak eta Frantziak, adibidez, %111koa—. Baina haiek diru sarrera trinkoak dituzte, eta interes tasa txikiak ordaintzen dituzte beren zorraren truke, haiei dirua mailegatzeko prest daudelako mundu osoko bankuak eta inbertsio funtsak. Eta hori ez da Afrikako herrialdeen kasua.

Etiopiak azken urteetan tentsio finantzario handiak izan ditu pandemiagatik eta, bereziki, bi urte iraun duen gerra zibilaren ondorioz —2022ko azaroan amaitu zen—. Herrialdeak 2021eko hasieran eskatu zion lehen aldiz G20aren taldeari zorra arintzeko, baina, gatazka horrengatik, atzeratu egin zuten erabakia. Aurtengo azaroan, mailegu emaile batzuekin zorra berregituratzeko akordioa lortu zuen, besteak beste, Txinarekin —Asiako herrialdeak Etiopiaren zorraren %50 du—. Baina abenduaren 8an, Addis Abebako gobernuak esan zuen funts pribatuekin izandako negoziazioek huts egin zutela eta porrotera kondenatuta zegoela.

Kutsatzeko arriskua

Pandemiatik erabat okertu da Saharaz hegoaldeko herrialdeen egoera ekonomikoa, eta zorraren krisia areagotu egin da. 2020ko azaroan, Zambia bihurtu zen ordainketen etendura iragarri zuen Afrikako lehen herrialdea. Hala ere, Txinak, Frantziak eta beste hartzekodun batzuek, G20aren DSSI programaren bitartez, ordainketaren zati bat atzeratzea adostu dute kolpea arintzeko.

Egoera okerragoan dago Ghana. Haren zorraren %60 Black Rock, Vontobel, Alliance Bernstein, Neuberger Berman eta PIMCO funts pribatuen esku dago: gehienak, estatubatuarrak. Eta zailtasun gehiago aurkitzen ari da akordioak lortzeko. Afrikako ekonomiarik sendoenetarikoa izandakoak bankarrota deklaratu zuen iazko abenduan. Zorra herrialdearen urteko diru sarreren %70 jaten ari zen, eta ezin zion egoerari gehiago eutsi.

Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Afrikako 22 herrialde zorra ordaindu ezinik daude. Kontinentearen kanpo zorra, publikoa eta pribatua, 700.000 milioi euro ingurukoa da, bere barne produktu gordinaren %55, eta bost aldiz handitu da azken bi hamarkadetan. Nagusiki kanpoko zorrak sortzen dizkie arazoak, batez ere AEBetako Erreserba Federala eta Europako Banku Zentrala interes tasak handitzen ari direnetik, horrekin dolarretan eta eurotan zorra garestitu zaielako.

Afrikako herrialdeen zorraren banaketan hiru talde bereizi daitezke, eta bakoitzak, gutxi gorabehera, guztizkoaren herena hartzen du: alde batetik, nazioarteko finantza erakunde handiekin dutena, hala nola Munduko Bankuarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin; bestetik, inbertsio funts pribatuen esku dagoen zorra; eta, azkenik, aldebikoa, hau da, beste gobernu edo erakunde publiko batzuekin dutena. Hirugarren multzo horretatik Txina nabarmentzen da, Afrikako herrialdeen zor osoaren %12 haren esku dago. 2000ko hamarkadaren hasieratik, Txinak zor handia erosi zuen kontinentean, han egindako inbertsio estrategiaren barruan. Hala ere, pandemiatik, joera hori gelditu egin da, besteak beste ordutik izandako susperraldi ekonomiko motelak eraginda. Etiopiaren egoera zaila izanagatik ere, abuztuan Txina, Errusia eta India buru dituen BRICS taldera batzeko gonbidapena jaso zuen, beste bost herrialderekin batera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.