BRICSek sei herrialde gehiago hartzea erabaki du, tartean Saudi Arabia eta Iran

Argentina, Egipto, Emirerriak eta Etiopia gonbidatu dituzte. Iranek garaipentzat jo du erabakia, eta Saudi Arabiak esan du baldintzak aztertu nahi dituela

BRICS taldeko agintariak atzo Johannesburgon. KIM LUDBROOK / EFE.
Jokin Sagarzazu - Irune Lasa
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Datozen urteetan nazioarteko merkataritzaren joko arauak baldintzatu ditzakeen erabakia hartu dute BRICS taldea osatzen duten herrialdeek —Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika—. Beste sei kide izango ditu blokeak: Saudi Arabia, Egipto, Etiopia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran eta Argentina. 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera parte hartuko dute erakundean. Erabakiak errezeloa piztu du Bruselan eta Washingtonen.

Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak egin zueniragarpena atzo, taldeak Johannesburgon egin duen goi bileran. Prentsaurrekoan Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak, Xi Jinping Txinakoak, Narendra Modi Indiako lehen ministroak eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak parte hartu dute. Vladimir Putin ez da joan, Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua emana baitu Ukrainan gerra krimenak egin zituelakoan. Hala ere, bideokonferentzia bidez hartu du parte

Hegoafrikako Gobernuaren arabera, berrogei bat herrialdek adierazi zuten talde horretan sartzeko nahia, eta 23k ofizialki egin dute eskaera. Aste honetan eginiko bileretan taldeko kideak ados jarri dira kide berriek bete behar dituzten irizpideei buruz, eta, azkenean, sei onartu dituzte.

Txina izan da taldea zabaltzearen alde indar handien egin duen herrialdea, eta, bereziki, Saudi Arabiaren sarrera defendatu du. Herrialde horrekin harremanak estutzen aritu da azken urteetan. Ukrainako gerragatik Errusiari jarritako zigorrak direla medio, garrantzi handiko erabakia da taldean Saudi Arabia onartu izana. Munduko petrolio ekoizlerik handienen artean bigarrena da. Errusiaren eta Txinaren bloke ekonomikoan sartzeak, halaber, are gehiago gaiztotu ditzake Riaden eta Washingtonen arteko harremanak, eta indartu egin dezake BRICSen posizioa G7koen kontrapisu gisa. Antzera gertatzen da Arabiar Emirerri Batuekin eta, bereziki, Iranekin. Lulak, berriz, Argentina batu izana txalotu du, Brasil baita haren bazkide komertzial nagusia eta Hego Amerikako ekonomiarik indartsuenetarikoa delako.

Taldea zabaltzeari buruzko zalantza gehiago agertu dituzte Hegoafrikak eta Indiak. Ekonomikoki India da, gaur egun, taldearen barruan Txinari itzal egin diezaiokeen herrialde nagusia.

Hegoalde globala

Taldea 2006an sortu zuten Brasilek, Errusiak, Indiak eta Txinak, eta 2010ean Hegoafrika batu zitzaien. Nazioarteko merkataritzan eta, bereziki, Hegoalde globalean erreferentziazko erakundea izan nahi du BRICSek. Taldeko kideen helburuetako bat da herrialde horietan AEBek eta dolarrak duten eraginari aurre egitea. Besteak beste, Garapen Berrirako Banku bat sortu zuten 2015ean, garatzen ari diren ekonomietako proiektuei maileguak emateko eta bestelako egitasmo estrategiko batzuk finantzatzeko: adibidez, Txina eta Italia lotuko dituen azpiegitura komertzial erraldoia: zetaren bide berria. Taldearen beste xedeetako bat, diru propio bat sortzea haien merkataritza harremanetarako, hastapenetan dago, eta ez dago argi inoiz sortuko ote duten.

Dolarraren eragina apaltzeko asmoetan indar berezia hartukodu BRICsek, munduko petrolioeta energia esportatzailerik handienetakoak izango baititu barruan Saudi Arabiarekin, Errusiarekin, Iranekin, Emirerriekin eta Brasilekin.

Saudi Arabiako Atzerri ministro Faisal bin Farhanek eskertu egin zuen BRICSen taldean sartzeko gonbita, baina gaineratu zuen bete beharreko baldintzen «xehetasunak aztertu ostean» hartuko duela erabakia Saudi Arabiak.

Iranek, berriz, historikotzatjo zuen gonbita: «Garaipen estrategikoa da Iranen kanpo politikarentzat», esan zuen Mohammad Jamshidik, gobernuko kabinete buruaren albokoak.

Argentinarako presidentetzarako eskuineko hautagaia Patricia Bulrich, aldiz, herrialdea BRICSen taldean sartzearen kontra agertu zen. «Gure gobernupean, Argentina ez da BRICSen egongo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.