Duela bi urte 3.000 milioi euroren irabaziak izan eta gero, Airbus Europako aeronautika partzuergoak 1.362 milioi euro galdu zituen iaz. Bereziki bi kontuk eragin dute galera: prozesu judizialak saihesteko ezarritako zigorrek eta A400M garraio militarreko hegazkinak eragindako gastuek. Konpainiak iazko emaitzen berri eman du ostegun honetan, Tolosan (Okzitania) duen egoitza nagusian.
Airbusek ia 3.600 milioi euro ordaindu behar izan zituen iaz, kontratuak lortzeko komisioak ordaintzen edo agintzen zituzten bitartekariak erabiltzeagatik jarritako salaketek aurrera egin ez zezaten —guztira, 5.607 milioi ordaindu behar izan ditu horregatik—.
Halaber, Sevillan (Espainia) ekoizten duen garraio militarrerako hegazkinaren hornidura berriak 1.200 milioi euroren galerak eragin dizkio, eta programa hori abiatu zuenetik, guztira, 10.000 milioi euro inguru. Airbusek azaldu duenez, hegazkin hori esportatzeko aukera «gero eta zailagoa» da, eta Saudi Arabiari saltzeko debekuak kolokan jarri ditu etorkizuneko entregen aurreikuspenak. Iaz 14 unitate entregatu zituen.
Hegazkin komertzial gehiago
Orokorrean, hegazkin horren produkzioa % 40 jaitsi da; aldiz, % 32 hazi zen iaz hegazkin komertzialen negozioa (6.358 milioi), eta %11 helikopteroena (422 milioi).
Airbusek 863 hegazkin komertzial entregatu zituen iaz (800, 2018an). Aldi berean, konpainiak 81.200 milioi euroren eskaerak jaso zituen, 2018an baino 55.500 milioi gehiago. Horrek lotura du Airbusek lineako hegazkinetan duen merkataritza martxa onarekin, Boeing, AEBetako aurkaria , bere historiako garairik okerrenean dagoen honetan —horrek, halaber, tentsioa sortu du Trumpen gobernuaren eta Europako agintarien artean—.
Horiek hala, 6.946 milioi euroko mozkin operatibo garbia lortu zuen iaz konpainiak. 3.509 milioi euroko kutxako fluxu librea du, eta zuzendaritzak dibidendu bat banatuko du akziodunen artean (1,80 euro akzio bakoitzeko), iazkoa baino% 9 handiagoa.
Konpainiako hipotesia da datorren urtean ez direla nabarmen aldatuko aire trafikoaren hazkunde aurreikuspenak. 2020an 880 hegazkin komertzial inguru entregatzeko asmoa du, eta horrek 7.500 milioi euroko mozkin operatibo garbia eta 4.000 milioi inguruko kutxa fluxua ekarriko lioke.
Quebecekiko akordioa
Airbusek eta Quebeceko Gobernuak ostegun honetan iragarri dute Kanadako Bombardier enpresak A220 hegazkinaren programan zuen partaidetza (%30) erosi dutela. Horren trukean, Bombardierrek 591 milioi dolar jasoko ditu. Europako taldeak 2018ko uztailetik zuen modelo horren kontrola. Orain, Airbusek% 75eko parte hartzea izango du, eta Quebeceko Gobernuak, berriz, % 25ekoa.