Aireportuetako grebak, bertan behera geratzear

AENAk eta sindikatuek akordiorako oinarria lortu dute; langileek berretsi beharko dute hitzartutakoa, ordea

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Aste Santuan edo udan hegazkinen bat hartzeko asmoa duten herritarrek eta garai horretan lan egingo duten ostalaritzako enpresariek lasaitua hartu dute. Oraingoz. AENAk eta bertako sindikatuek (CCOO, UGT eta USO) lortu dutena akordiorako oinarria baita, eta langileek batzarretan horren alde egiten ez badute indarrean jarraituko dutelako sindikatuek antolatutako 22 greba egunek: apirilean bost, maiatzean beste bost, ekainean hiru, uztailean sei eta abuztuan hiru.

Atzo goizaldean lortu zuten akordiorako oinarria AENAk eta CCOO, UGT eta USO sindikatuek —langileen %85 ordezkatzen dituzte—, 17 orduko bilera baten ostean. Orain hiru sindikatuetako federazioek eta langileek berretsi beharko dute, datorren astean. Greba deialdiak Euskal Herriko eta Espainiako 47 aireportutako 10.500 langileri eragiten die.

Espainiako Gobernuak AENAren aireportuetako zenbait zerbitzu pribatizatu nahi ditu. Horretarako sortu zuen AENA Aeropuertos sozietate pribatua. Sindikatuek salatu dute zerbitzu horien guztien pribatizazioak hainbat langileren kaleratzea eragingo duela.

Atzoko akordiorako oinarriaren arabera, AENAk, AENA Aeropuertosek eta aireportuetako zerbitzuak eskuratzen dituzten enpresa pribatuek orain arteko lanpostuei eta langileen lan baldintzei eutsi beharko diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.