Lau ideia azpimarratu ditu Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak krisiari aurre egin ahal izateko: autogobernua babestea, zerbitzu publikoak bermatzea, ekonomia eta enplegua sustatzea eta itun fiskala adostea. Hala, iruzur fiskalaren aurkako plan bateratua eta aberats handien gaineko zerga proposatu ditu Lopezek; "ahaleginak gizarte osoari banatu behar zaizkiolako, euren gaitasunen arabera, ez bakarrik ahulenei".
Administrazioen, alderdi politikoen eta herritarren arteko batasuna aldarrikatu du lehendakariak, behin eta berriz. Horrela, administrazio eta alderdi politikoei elkarren arteko tirabirak alde batera uztea galdegin die. "Hiru lurralde gara, baina herrialde bakarra, eta horrela jokatu behar dugu", adierazi du.
Hezkuntza eta osasuna, marra gorriak
Lopezek agerraldia egin du gaur Gasteizen, Espainiako Gobernuak onartu berri dituen murrizketen gaineko iritzia emateko eta neurri horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango duten eragina azaltzeko. Mariano Raxoik iragarritako azkeneko neurri sorta horretatik, Jaurlaritzaren eskumenak urrazen dituzten guztiak atzera botatzen saiatuko direla nabarmendu du. Lopezen esanetan, "Jaurlaritzak hezkuntzan, osasunean, eta gehien behar dutenen laguntzetan ez du murrizketarik egingo". "Horiek izango dira Jaurlaritzaren marra gorriak", dio.
Hala ere, lehendakariak aurreratu du ezarri egin beharko dituztela funtzionarioentzako murrizketak, gabonetako lansaria kentzea, besteak beste. "Raxoik oinarrizko lege gisa onartu ditu murrizketak eta erkidegoak horiek ezartzera behartuta gaude", azaldu du. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak gaur aurreratu du 962 euro baino gutxiago irabazten duten funtzionarioek gabonetako lansaria jasoko dutela.
Gogor kritikatu ditu Lopezek Espainiak hartutako neurriak; "infernurako bidaia direlako". Etengabeko murrizketek herritarren etorkizuna kolokan jarri eta ezinegona zabaltzen dutela azaldu du eta, neurriek ez dutela balio krisia gainditzeko; are gehiago, egoerak okerrera egiten duela. Irtenbidea ekonomia hazkundea bultzatzeko tresnak garatzean dagoela esan du.
Zerbitzu publikoen "egoera larria" nabarmendu du Lopezek, eta azaldu sektore publikoa ekonomiaren motor garrantzitsua dela, "nahiz eta batzuk oraindik ez ohartu". Krisi ekonomikoaren jatorria finantza enpresak badira, konponbidea bertan bilatu beharra dagoela adierazi du, eta "ulertezina" dela bankuei dirua ematea horiek hainbat familia etxetik botatzen dituzten bitartean.
Erkidegoen eskumenak
"Jaurlaritzaren eskumenak urratzen dituzten neurri guztiei jarriko diegu helegitea", adierazi du Lopezek. Autogobernuaren defentsan, Espainiako Gobernuaren jarreraren aurka agertu da eta Raxoiri "gogoeta" egiteko eskatu dio; "ezin dira murrizketak jarri, autonomia erkidegoen eskumenak urratuta". Bidea erkidegoekin hitz egin eta akordioak bilatzea dela esan du, "ez inposatzea".
Espainiak Jaurlaritzaren eskumenak urratzen jarraituz gero, arazo ekonomikoa arazo politiko izatera pasatuko dela ohartarazi du Gobernua. Gainera, autonomia erkidegoekin Europak emandako aukerak ez partekatzeaz salatu du Raxoi, besteak beste, aparteko defizita.
Europaren presioa ere gaitzetsi du Lopezek, presio horrek enpresentzat atzerriko finantziazio aukerak mugatzen dituelako. Beti ere, Europako banku zentralari "esku hartzeko" eskatu dio.