Sindikatuen ordezkariek eta Portlandeko zuzendaritzak lan baldintzak hobetzeko akordioa lortu dute, Olatzagutiko lantegian zazpi greba egun egin ostean. Datorren astelehenean greba mugagabeari ekin behar zioten langileek, baina bertan behera geratu da mobilizazioa.
ELA sindikatuak azaldu du «egindako lanuzteen erantzunaren eta greba mugagabearen mehatxuaren ondorioz», enpresak bere jarrera negoziatzailea aldatu behar izan duela.
ELAk eta CCOOk zuzendaritzarekin egindako eta batzarrean berretsitako akordioa lortu da lantegian, beraz. «Akordioaren edukien artean dago errelebo kontratua hitzarmenean sartzea, eta etorkizunean erretiroa hartzeagatik lanposturik galduko ez dela bermatzea», ELAk jakinarazi duenez. Sindikatuak Cementos Portlandeko langileak zoriondu ditu, «enpresaren immobilismoa hausteko eta akordio on bat lortzeko funtsezkoak izan direlako».