Zoratzeko moduko egunak izaten ari dira Telefonican. Asteak dira sindikatuak eta zuzendaritza hitzarmen berria negoziatzen hasi zirela, eta bi aldeek mahai gainean jarri zituzten beren eskakizunak: sindikatuek lanaldia gutxitzeko eta soldatak igotzeko eskatu zuten, eta Telefonicak 5.000 langile kaleratu nahi zituen. Bada, negoziazioen ondoren, biek ala biek onartu dituzte bestearen eskaerak. Hori gutxi balitz, Espainiako Gobernuak Telefonicaren akzioen %10 erosi berri ditu, eta akziodun nagusi bihurtu da.
Atzo lortu zuten aurreakordioa UGT eta CCOO sindikatuek eta zuzendaritzak. Horren aurretik, kaleratze kolektiboa egiteko akordioa lortu zuten alde biek. 3.411 langile kaleratuko dituzte guztira (langile taldearen %12,5), baina ez dago garbi horietako zenbat kaleratuko dituzten Hego Euskal Herrian. Akordioaren aurretik, LAB sindikatuak salatu zuen 263 langile geratuko zirela kalean —langile taldearen %48,6—, baina, ziurrenik, gutxiago izango dira, pixka bat jaitsi baitute guztira kaleratuko dituztenen kopurua. 55 urtetik gorako langileei eragingo die.
2024ko urtarrilaren 9tik otsailaren 8ra, langileek borondatez utzi ahalko dute lana, eta horiek otsailaren 29an utziko dute enpresa. 2025eko martxorako egin nahi dituzten kaleratze guztiak egiten ez badira, langile batzuk lana uztera behartuko dituzte, 3.421eko kopurura iritsi arte. UGTk begi onez ikusi du akordioa, baina afiliatuek haren alde bozkatu beharko dute orain.
Ituna berritzeko akordioan, sindikatuek eta zuzendaritzak asteko lanaldia 37,5 ordutik 36 ordura murriztea adostu dute. Hala ere, progresiboa izango da jaitsiera: 2024an 37 orduko lanaldia izango dute; 2025ean, 36,5ekoa; eta 2026an, 36koa. Ituna hiru urtean egongo da indarrean, urte bakoitzean %1,5 handituko zaie soldata, eta horiek inflazioaren arabera eguneratuko dituzte.
Langileak, «babestuta»
Telefonicak iragarri zuenetik milaka langile kaleratu nahi zituela, UGT eta CCOO sindikatuak langileen baldintzak hobetu nahian aritu dira, eta ez kaleratze horiek eragotzi nahian. Hasieratik onartu dituzte kaleratzeak, baina adierazi zuten horren truke ituna berritu behar zela. Akordioa lortuta, UGTk adierazi du itun berriak langileak «babesten» dituela, baita lan baldintzak hobetuko direla ere. Gainera, sindikatuak nabarmendu du Telefonicak enpleguari eusteko apustua egiten duela lurralde guztietan, nahiz eta langile taldearen %12,5 kaleratu nahi duen.