Akordioaren oinarria Arabako ostalaritzako lan hitzarmenerako

ELAk sinatu du akordioaren oinarria, eta CCOOk eta UGTk bat egingo dute. LABek, aldiz, gaitzetsi egin du. Itunak 8.000 langile ingururi eragiten die.

Zerbitzari bat taberna batean lanean. JON URBE / FOKU
Zerbitzari bat taberna batean lanean. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
2025eko abenduaren 29a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako ostalaritzako langileek 2020. urtetik zeukaten berritu gabe beren lan baldintzak arautzeko itun kolektiboa, baina hitzarmen berria izango dute laster. ELAk, lurralde horretan sektorean %40ko ordezkaritza izanik, aurreakordioa iritsi du, eta hura urtarrilaren 16an sinatzea nahi du, behin afiliatuek agiria bozkatu eta onartzen dutenean. 

CCOO eta UGT sindikatuak akordiora batzea aurreikusten da, eta LABek, aldiz, bere desadostasuna agertu du. 

ELAk emandako xehetasunen arabera, Arabako ostalaritzako 8.000 langileek erosteko ahalmena mailaka berreskuratuko dute, 2020. urteaz geroztik galdutako KPIarekin (%17,6): abendu honetatik soldata taulen igoera %14koa izango da, eta hurrengo urteetan gehituko da gainerakoa (2026an, KPIa + %0,5; 2027an, KPIa + %1,5; 2028an, KPIa + %1,6).

Akordioaren oinarrian, lehen aldiz, inaplikazio klausula jaso dute, eta, horren bidez, soldatak ez igotzeko edo baldintzak ez betetzeko erabakia justifikatzera eta negoziatzera behartuta egongo dira tabernak. 

ELAk azaldu duenez, hitzarmenaren aplikazio eremuan «beren-beregi» agertzen dira bizikletako banatzaileak eta hoteletako garbitzaileak, eta kolektibitateetako langileei, «hala lortzen bada, EAEko euren hitzarmen kolektibo propioa aplikatuko zaie». 

Sukaldaritza arlo modernoa, kanpoan

Hain zuzen, soldaten «igoera urriaz» gain, LAB sindikatuak gaitzetsi du hitzarmenetik kanpo geratuko dela kate eta marka handien eremua, Sukaldaritza Arlo Modernoko Markena. Gogora ekarri du 2022an ostalaritzako kate eta marka handien Espainiako patronalak CCOO eta UGTrekin sinatutako estatu mailako hitzarmena: «Estatuko patronalak sektore berri bat asmatu zuen, estatalizazioaren bitartez milaka langile prekarizatzeko». Hor segituko dute ostalaritza kate handietako beharginek Araban.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.